LKARTASUNA gizatalde bat osatzen duten pertsonek elkarrekiko ardura eta dependentzia da, balio moralekin bata besteari loturik daudenak. Horrela, taldekide batek dituen arazoak gizatalde osoari eta horren kideei dagozkie neurri batean edo bestean". Horra hor elkartasuna giza balioaren definizio zehatza.

Bizi garen lehen mundu honek elkartasuna zer den jakin badaki? Ez dirudi. Betidanik ezarri dira pribilegioetako zeruan bizi direnen eta desgrazia eternoa arnasten dutenen arteko lerroak, beti ikusiezinak baina nabariegiak.

Pandemiak laborria ekarri zuen hasieran, eta gure bizitza dontsuak salbatzeko senperrenak egin genituen farmako edo antidoto miragarria topatzeko ahaleginetan. Urrats hori behin emanda, eta negozio itzela lor litekeela ikusita, mundu bazterreko beste lagunak popatik hartzera bidali genituen orratza gure besoan sartuta ikusita. Gu salbaturik ginela uste izan dugu, eta badaezpada, gure gobernu zuhurrak, berriz gerta daitekeenaren beldur, dosi berriak akumulatzen ibili dira.

Oraindik ez gara konturatu atzean utzitakoek pandemiaren aro berriak ekarriko dituztela gure txepelkeria eta zekenkeriari esker. Afrikan sortu da beste bariante bat, aurrekoak bezain beldurgarria izan daitekeena, eta gure ipurdia babesteko sasi-gobernantei otu egiten zaien neurri bakarra handik datozen bidaiarentzat aireportuak ixtea izan da. Oinarri zientifikorik ez duen maniobra izan da, Europako populua lasaiago bizi dadin. Gure harropuzkeriak ez du mugarik, eta ez-bidezko mundu baten performancea areagotzen ari gara.

Oraindik ez dute sinisten arazoa, pandemiaren arazoa, globala dela, eta bakarrik zure lurraldekoa. Isolamenduak ez du ezertarako balio, etorri behar dena laster batean izango da gure artean.

Afrikak txertoak behar ditu, bertan triskantza sortu duten bestelako gaixotasunekin egin duen moduan aritzeko. Afrika salbu bada, gure egozentrismoa ere bai. Hazkunde deskontrolatuari frenoa jarri behar diogu, gizateriari beste begi batzuekin begiratu ahal izateko.

Berriz. Bizi garen lehen mundu honek elkartasuna zer den jakin badaki?