ZKEN asteotan Mozal Legea deiturikoa puri-purian dago. Bere iragarritako aldaketaren izapidetze parlamentarioa laster izango dela dirudi eta, aldatzekotan, testu berria hasierako onarpenarena -Alderdi Popularraren gehiengo osoaren txilindroren garaian- baino eztabaida ireki eta aberatsago baten ondorioa izango dela nabarmentzea egokia dirudit. Bat egiten dut indarrean dagoen araua aldatu behar dela pentsatzen dutenekin, murriztu zituen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak berriz ere berma daitezen. Bestela, zein gizarte motari eran-tzungo lioke holako lege batek? Dena den, era berean, polizia demokratiko batek egiten dituen lanaren eraginkortasuna eta segurtasuna berma-tzen dituzten beharrezkoak diren xehetasun tekniko guziak kontuan euki edo mantendu daitezela zehaztasun osoz ere eskatzen dut. Polizia demokratikoa diot, bai, konplexutasunik gabeko gizarte zorrotz baten zerbitzura dagoena. Hau esanda, ikusi ditudan irudi batzuk eskema guztiak hausten dizkidate nere buruari honako hau galdetu behartzeraino: nortzuk ordezkatzen dituen Espainiako ultraeskuineko aginduaz eta pankartaz betetako manifestazio batera doan Ertzaintzako sindikatu batek, Vox-jendailari bozeramailetza emanez eta Ortega Smith bezalako tipo baten diskurtso higuinean haien ahotsa disolba dadila utziz?

Herri honen alaba naizen aldetik, polemika edo sektarismorako inolako asmorik gabe, Ertzaintzaren historia, duintasuna eta izateko arrazoia, baita egiten duen egundoko lana, aldarrikatzeko ezta aukera bat ere ez galtzen saiatzen naiz. Horregatik zera azpimarratu nahi dut gaur berriz ere: plaka bakoitzaren atzean baloratze eta errespetatze merezi duen gizartearen zerbitzurako istorio bat dago. Eta gehiago diot: zerbitzari publiko batek demokraziak bermatzen dituen askatasunaren eta eskubideen aldeko grina berea egiten badu, bide bat besterik ez dauka: konplexurik gabe, faxistengandik urrun! Borroka honetan interesatuak zein nartzisistak sobera daudela argi daukat. Uniformea edozein dela ere.