AMUNTXO Camblong, euskal abertzaletasunaren izen errespetatuenetako bat, baita oso gizon maitatua ere, joan den ostiralean zendu zen 82 urte bete berriak zituela. Bere bizitzan zehar euskara, euskal-kultura eta eusko-nortasuna zabaltzeko eta defendatzeko zuen grinak Bidasoako bi ertzeetan erreferente bikain bihurtu bait du. Makean (Lapurdi) jaio zen 1939an eta Parisen Elektronika Ingeniariaritza ikasi ondoren urte luzez Hasparneko instituto baten irakaslea izan zen, baita Iparraldeko kooperatibismoaren bultzatzailea eta Akitaniako Kooperatiben Elkarteko presidentea, bai Akitaniako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko bai Euskal Herriko Garapen Kontseiluko kidea ere. Euskalgintzan, 1969an, Seaska den Iparraldeko ikastolen elkartearen sor-tzailea eta 1977an, Elkar argitaletxearen sustatzaileetako bat izan zen ere. EKE- Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeko burua, Egunkaria-Administrazio Kontseiluko partaidea, Euskaltzaindiaren akademikoa, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kidea eta Sabino Arana Fundazioko patroia izan zen ere, baita euskarazko idazki askoren egilea. Politikagintzan, bizi osoan, abertzaletasunari lotuta egon da, urte askotan Angeluko PNB- zinegotziaz lanean ari izana, 2004-2008 urteen artean EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakaria izan zen. Proiektuz betetako bizi luzea eta emankorra berea... Dena den, berdin nabarmenak eta aipagarriak diren beste ezaugarri ezberdinen gainetik (lan-gaitasuna edo aldakortasuna, adibidez) Ramuntxo Camblong bereizten dutenak konpromisoa eta eskuzabaltasuna dira: politikan bizi eta aritzeko jarrera demokratiko eta errespetuzkoaren eredu bat zen, finkatutako balore sendokin. Hain modu bare eta aldi berean hain sutsua zuen haiek jakinarazteko non gazteagoak ginenoi liluratu egiten gintuen. Ekitaldi eta hitzaldi pila bat, zenbait oroitzapen...

Euskaltzale fina, gizon ona, jelkide aparta... Camblong' Ramuntxo, Agur! Egun handirarte, nagusi, ez dut inoiz zure goxotasuna ahaztuko.

Beti JELpean, betirako nere bihotzean.