ARIS, 11 Avenue Marceau... Hor dagoen jauregitxoa Instituto Cervantes-egoitza baino askoz gehiago da: erbesteko Eusko Jaurlaritzak egindako politikaren ikur bat da, Espainiako Gerra Zibilaren eta 2. Mundu Gerraren ondorengo urteetan errefuxiatuekiko zuen konpromisoaren erreferente nagusia. 1937ko hasieran, EAJko ordezkari Rafael de Pikabeak alokatu egin zuen eraikina Euzkadiko Gobernu Ordezkaritzaren bulegoak jartzeko. 1939ko otsailean, gerra irabaztear zeuden frankisten atzapar konfiskatzaileetatik bere ondarea babesteko EAJk sortutako Finances et Entreprises -F&E- sozietateak etxea erosi zuen Amerikan bizi ziren militanteen ekarpenei esker. Hilabete batzuk pasata Euskal Adiskideen Nazioarteko Ligari (EANL) alokatu zion eta honek erbesteko Euzkadiko Gobernu Ordezkaritzari doan laga zion gero. Alemaniarrek Paris okupatu ondoren -1940ko ekainan- eraikinetik kanporatu zituzten eta bertan ezarri ziren Gestapoa zein Hogar Español eta Falangearen egoitza. 1944ko abuztuan, aliatuek Paris askatu baino egun batzuk lehenago presaka ihes egin ziren. Orduan, EANL-jendeak, EAJko buruzagiak ziren Xabier de Landaburu eta Agustin Alberro buruan, berreskuratu zuen. 1951ko ekainaren 28a, Senako Auzitegi Zibilak -1944ko urtarriletik irmoa- emandako epaiaren ondorioz F&E sozietatearen ondareak Espainiako estatukoak bait zirela adieraziz, EANL eta Euzkadiko Gobernua Avenue Marceau-tik behin betiko botata izan ziren, harro, benetako egiarekin eta duintasun osorik. Eta hola jarraitu dute oinordeok Eusko Jaurlaritzan zein EAJean, jasandako espoliazioa iraultzeko eta justizia egiteko etengabeki borrokatuz.

Egun hauetan, betiko egunkari eta tertuliakideek behin eta berriz esaten ari dira Kongresuan eztabaidatzeko hastear dagoen Memoria Demokratikoaren Lege Proiektuak EAJrentzako opari-xedapen bat duela helburu hori lor dezan. Truke? Madrilgo Aurrekontuei aldeko botoa ematea. Tira, ez dute haien ezjakintasuna, kaskarkeria eta chauvinismoa ezkutatzeko modurik. Eta EAJ zer gutxi ezagutzen duten...