UFRAGISTEK andrezkoentzako boto-eskubidea aldarrikatzen zihardutela, komunistek eta sozialistek, Espainiako Erresuman behintzat, eskubide hori andrezkoei ez onartzea nahi zuten. Haien arrazoia pisutsua zen: abadeen esan-eginen mendean zeuden andrezko horiek eskuinari emango zioten botoa. Gertaera bitxia, baina egia santa eta berdaderea.

Gaur egun, badirudi hainbat eskubideren aldeko agertzen diren askok ahanztura aukeragarria dutela haien arbaso intelektual eta ideologikoen lorpen onak bakarrik gomutarazteko eta txarrak (orduko sasoiko arruntak, guri egun lotsagarri begitandu ahal zaizkigunak) ahanzturaren bazterrera jaurtitzeko.

Hala ere, horiek beroriek ez dute berdin jokatzen euren pentsamoldekoak ez diren pertsonekin. Eta gaur egungo ikuspegitik epaitzen dituzte euren aurkari politiko edo ideologikoen pentsaerak. Hark esan zuenez, bada inoren begian lastoa ikusi eta berean haberik ikusten ez duenik.

Betiere, izan gaitezen berak; uler dezagun diakroniak ikuspegiak itxuragabetu ahal dituela norbera konturatu barik; pentsa dezagun horrelako aburuak ez direla gogo txarrez egindakoak. Guru-tzekoak esan zuen legez, aita, barka itzazu, ez dakitelako zertan diharduten. Honaino.

Sinkroniaren aldetik, berriz, gogo txarra eta asmo gaiztoa ezin ageriago jartzen zaizkigu begien aurrean. Ale batzuk nahiko izango dira zenbaiten zinismoa garden-garden eta zalantza-izpi barik ikus dezagun.

Gizarte kapitalista batzuetan ekologiaren aldeko aldarrikapenak egiten dituzten ei-ezkertiar askok ez dute aipamenik ere egiten Txinan, adibidez, jomuga ipini duten industrializaziorik zikinenaren gainean. Arraroa, arraioa!

Gizarte kapitalista batzuetan andrezkoen eta LGTBI+ kolektiboen erreibindikazioen aldeko aldarrikapenak egiten dituzten omen-aurrerakoi batzuek ez dute ezer esaten lehengo mundu komunistatik datozen herrialdeetan edo gaur egun komunistak diren herrialdeetan homosexualitatea, transexualitatea... delitu izatearen inguruan. Bitxi-bitxia!