ITZEKIN asmatzea ez da erraza izaten. Zenbatetan ibiltzen garen sentitzen dugun emozio bat fidelki adieraziko duen hitza edo esaldia ezin aurkituta. Maite zaitut esan ahal diogu, adibidez, norbaiti, baina aurretiaz jakinda dagoeneko hain gastatuta dauden hitz horiek ez dutela nahiko ahalmenik deskribatzeko gure bihotz taupaden une horretako intentsitatea.

Lagun bati gertatu zitzaion antzeko zerbait aurreko egunean. Elkarrekin joan ginen kontzertu batera eta hasiera-hasieratik konturatu nintzen taldeko baxu-jotzailearentzat bakarrik zituela begiak. Halako batean aitortu zidan urduri, nerabe baten antzera, musikaria "izugarri" gustatzen zitzaiola. Eta halaxe, nerabe baten modura, atera zen korrika eszenatokirantz behin kontzertua amaituta musikariari, mesedez, elkarrekin argazki bat ateratzea eskatzeko. Argazkia atera-tzeko bere alboan sentitu zuenean, bere besoa haren besoa ukituz, nire lagunak sentitu zuen beharra adierazteko "izugarri" gustatzen zitzaiola, baina zein hitzekin esan behar zion? Ez zeukan denbora askorik, beraz, brastakoan bota zion: "Me encantas..." eta segituan sentitu zuen hitz horiek ez zirela nahikoak sentitzen zuena deskribatzeko eta orduan erantsi zuen: "...mucho". "Me encantas mucho" esan zion, eta agurtu ondoren, urduri eta guztiz lotsatuta bueltatu zen guregana: "Inozoa naizela pentsatuko du", esan zigun. Eta beti gauza bera gertatzen zaiola azaldu zigun jarraian: "Norbait gustatzen zaidanean, trakets eta baldar ibiltzen naiz hitzekin, eta gustatzen ez zaidan jendearekin, aldiz, hitz guztiak bata bestearen atzetik koipeztatuta bezala ateratzen zaizkit. Ez dut erremediorik ".

Hala ere, nire lagunari hainbesteko lotsa eragin zion esaldiak edozein esaldi distiratsuk baino hobeto adierazten du berak une hartan sentitutako emozioaren intentsitatea. "Me encantas mucho" horrek ezin hobeto deskribatzen du emozioek gainez egiten digutenean hitzak ez aurkitzearen sentsazio hori. Polita da, baita ere, noizbehinka hitzik ez aurkitzea. Horrek ere asko esaten du eta.