RAILA hilabete berezia da. Lagun askoren urtebetetze egunak izaten dira hil honetan, ama zenarena ere bai; neska-mutilak ikastoletan eta ikastetxeetan hasten dira pozik eta triste; egunerokotasunaren normaltasunak bere esparrua erreklamatzen du egite anitzetan; ilunabarretako argia beste graduazioarekin ostentzen da; txori batzuk sen atabikoari jarraiki bidaia luzeetan murgiltzen dira inolako penarik gabe; goizago altxatzen hasten gara lanerako bideari ekiteko, buruan mila katramila pil-pilean daramatzagula; basoek beste jantzi koloretsu bat aukeratzen dute udari agur esateko; arratsaldeetako freskurak dardararen bat sortzen dute gure azalean; denak hartzen du martxa berri bat, okerra edo zuzena den ez dakigu.

Baina irailean, nik beti izaten ditut bi kontu memorian bueltaka. Ameriketako Estatu Batuetan irailaren 11n sekulako atentatu bat gertatu zen. Harritzen nau pentsatzeak 20 urte pasa direla. Telebistari begira nengoen ni, begiak zabalik, bigarren hegazkin suizidaren maniobrak ikusi nituenean. Gero beste dorrearen kontra jo zuen eta eztanda egin zuen. Geroko egunetan laborriz beteriko irudiak ikusi genituen, urtero tai gabe errepikatzen dizkigutenak.

Irailean pentsamenduan agertzen zaidan beste herri bat Txile da. Han urte batzuk bizitzen eman nituen, eta herri horrekin daukadan lotura magikoa da. Egunotan, baina 1973ean, Augusto Pinochetek garai odoltsuari atea zabaldu zion, eta estatu kolpea jo zuen Txilen. Salvador Allende zendu zen, eta Pinocheten armadak sarraskia egin zuen gero herri hartan, milaka hildako eta desagertu betiko sortaraziz.

Erahildakoen artean bat gogoratzen dut urtero: Victor Jara kantaria. Bere kantek osatu zuten nire nerabezaro iraultzailea (hala esan badaiteke). Egunotan, Víctor Jara No. 2547 izeneko dokumentala ikusi dut berriz. Bertan, erregistro zibileko Hector Herrera funtzionarioren istorioa kontatzen da. Bera izan zen Jara beste desagertu bat ez bilakatzeko ahalegin arriskutsua eta ausarta burutu zuena. Berari esker, nolazpait, Victor Jararen memoria bizirik dirau gaur egun. Iraila bere abestiz ere betetzen da.