UNDU hobeago baten bila, bere ametsak burutzeko gogoz bota zen azken errekara. Milaka kilometro eta sufrikario izugarriak pairatu ostean, han, beste aldean, Frantzia hasten zen berarentzat, errekako urak zeharkatu eta urteetako amesgaiztoari amaiera emango zion. Bidasoa izena du erreka horrek, eta gaztea indartsua bazen ere itota hil egin zen ur hotzetan. Amets bera zuten beste ba-tzuk ere erreka horretan zendu dira, Mediterraneo itsasoan beste asko hiltzen diren bezala. Urek tragatzen dituzte desertu arrotzetik datozen gizakiak; itsasoa lehen aldiz ikusi eta panorama ederrari erreparatu ostean, beldurraren beldurrez eta desesperazioz beterik mundu likidoan sartzen dira, eta zoritxarrez, kasu askotan, bertan itotzen dira. Drama krudelagorik ez dago.

Itsasoan desagertzen direnen zenbakiek ez gaituzte jadanik harritzen, nolazpait normalizatu egin dugu etorkin kopuru handi bat bertan hil behar dela, eta batzuetan albistegietan ere ez da berri hori agertzen, saiatzeen gorakada nabaria dagoen arren (Messiren malko lotsagarriak bost minutuz notiziero guztietan, hori bai!).

Europako migrazio politikak faltsuak dira, ez baitute inondik inora migratzaileen bizitza babesten. Burura erotzen zait Miñan izeneko liburua, Amets Arzalluz bertsolariaren eta Ibrahima Balde ginearraren artean sorturiko narrazio bikaina bezain gogorra. Arzallus asiloa eskatzen dutenei tramitazioa egiteko paperak burutzeko laguntzen zebilela ezagutu zuen Ibrahima Balde gaztearen istorio lazgarria. Ibrahimak ez zuen Europarekin amesten, eta zuen bidaia hori burutu nahi baina anaia desagertuaren xerka hartu zuen Europarako bidea, sorterria, familia eta bere bizitza atzean utzita. Hala, bidaia gogor eta sinesgaitzaren kronika da Miñan, Balderen ahotsaz eta Amets Arzallusen hitzez ondutakoa.

Halako kontakizun gordinak irakurrita jaiotze lekuak duen garrantziaz eta horrek baldintzatzen gaituen modu erabakigarriaz jabetzen gara. Guk, lehen mundukook, ez dakigu zeintzuk diren benetako arazo eta oztopoak bizitzan, errekak zeharkatu nahi dituztenek ostera, bai.