Zirrikituetatik begira

Txori beltza

21.08.2021 | 00:16
Txori beltza

Muska Dastageer Afganistaneko emakume bat da, unibertsitateko irakaslea. Talibanek bere herrian boterea hartu dutenetik sentitzen duen beldurra honela deskribatu du: "Beldurra barruan itsatsita gera- tzen zaizun zerbait da, hor daukazu, txori beltz bat bezala eta hegoak irekitzen dituenean ezin duzu arnasarik hartu".

Beldurraren boterea neurtu ezina da. Barruan sartzen zaigun txori beltz bat da eta hegoak irekiko dituela pentsatze hutsak paralizatu egiten gaitu, desaktibatu. Hori da beldurraren indarra, beldurraren potentziala. Horregatik da hain eraginkorra herritarrak mantso mantentzeko. Horregatik izan da erabilia historian zehar emakumeak menperatzeko.

Esango nuke Afganistanen gertatzen ari dena modu berezian sentitzen ari garela munduko emakumeok. Bertako hiritar gehienek sentitzen duten beldurrari emakume izate hutsagatik gehi- tzen zaiona ezin dugu ahaztu. Izan ere, ondo dakigu indarkeriazko eta kontrolik gabeko egoerak beti direla arriskutsuagoak emakumeentzat. Historian zehar emakumeak gerrako arma gisa erabiliak izan diren modua ikusi besterik ez dago. Arrisku erantsi bat du emakume izateak gerra batean, baita komisaldegi batean eta gauez kale batzuetatik bakarrik ibiltzean ere. Emakumeok beldurra ikasi dugu txikitatik eta beldur horrek hainbat gauza egitea galarazi digu gure bizitzan zehar. Erasorik ez badago ere, indarkeriaren mamua atzetik segika daukagu, kasu batzuetan, Afganistaneko emakumeen kasuan bezala, modu askoz bortitz eta gogorragoan.

Simone de Beauvoirrek esaten zuen bezala, nahikoa izango da krisi politiko, ekonomiko edo erlijioso bat emakumeen eskubideak berriro zalan- tzan jartzeko. Ez dira inoiz betirako bereganatzen, eta horregatik egon behar dugu bizitza osoan erne.

Horregatik iruditu zait hain esanguratsua Talibanen aurka kalera protestan atera diren Afganistango emakumeen irudia. Beldurrari aurre egin diotelako. Barruan txori beltz bat sentitu arren, haren hegoak ebakitzea erabaki dutelako.

Más información

noticias de deia