OAN den astean albiste izaten hasi ziren berriz: udako ohiko sute itzelak. Dena kate berak ekarri omen du. Joan den hilean bero sapa bolada bitxiak sortu ziren Kanadan. Gogoratzen? Kanadan egin zuen bero kiskalgarriak ia bostehun hildako eragin zituen, eta labe hartako beroa 50 gradutik hurbil igo zen, hots, bertan inoiz erregistratu diren tenperaturarik altuenak. Nik Kanada herrialde menditsu gisan irudikatzen dut beti, eta askotan elurturik edota fresko dezenterekin. Horrexegatik harritu ninduen sekulako beroa egin zuelako albisteak.

Argi dago arazoaren atzean gizakiok eragiten ari garen klima aldaketa ankerra badagoela. Kanadan bero itzelak eta sute suntsitzaileak sortzen ziren bitartean, Japonian uholde ikaragarri batzuk bizi ari ziren bertako lagunak. Danteskoak ziren handik heltzen ziren irudiak. Errekek gainez eginda herrietako kaleak erabiltzen zituzten ubide gisan, aurrean topatzen zuten guztia sarraskituz.

Eta ureetatik berriz suteetara. Joan den astean Italian, Grezian eta Turkian irudi negargarriak ikusi dira, bai eta Siberian ere. Suteek ez dute ezer ere barkatu, eta batzuetan kostaldeko hondartzetara heldu dira bertako biztanleen negargura eta laborria sortaraziz. Betiko legez, hildakoak eta kalte material handiak zenbatu dira nonahi. Horrelakoak gertatzen direnean bertakoen inpotentzian pentsatzen dut. Suteak dena jaten du eta nekez egin ahal zaio aurre, suhiltzaileek sekulako lana buru-tzen duten arren. Batzuetan kontrolatuta egonda ere, suak bere horretan dirau (Greziakoak bezala).

Burura etortzen zaidan beste pentsamendu tragiko bat da zenbat narrasti, intsektu, hegazti eta bestelako izaki txiki hilko diren sugarrek kiskalita. Horrelakoetan, seguruenik, bertako ekosistema bizia ia betirako desagertuko da.

Klima aldaketaren kontrako proposamen eta ekintza serio eta egingarriak jomugan eduki behar ditugu, bestela, bero bolada itzelak, uholde giganteak, eta infernuko sute suntsikorrak gero eta maizago izango ditugu gure artean, eta egunen batean azken suteak nahi dugun guztia erreko du, eta une horretan beranduegi izango da, eta berandu oso hitz tristea da.