Zirrikituetatik begira

Gaixotasunak

31.07.2021 | 00:16
Gaixotasunak

EZ da deigarria izan soilik Olinpiar Jokoetan gertatu delako, edo albistea eman duen emakumea munduko gimnastarik onena delako. Simone Biles gimnastarekin gertatu dena bereziki izan da garrantzitsua une honetan gertatu delako, hau da, osasun mentala gure gizartean mehatxu eta erronka garrantzitsuenetako bat bihurtzen ari den unean.

Europan, Munduko Osasun Erakundearen arabera, pandemia garaian gora egin dute osasun arazoek, bereziki antsietate eta estres mailak nabarmen igo dira. Inkesta batzuek erakusten dute helduen heren batek, gutxi gorabehera, larritasun-mailak dituela, eta biztanle gazteenen artean, bi pertsonatik batek dituela antsietate maila altuak.

Isolamendua, kontaktu sozialik eza, kontziliazio zailtasunak, ohituren aldaketak, lan-arazoak eta beste hainbat arrazoi herritarren osasun mentalean eragina izaten ari direla ez dago ukatzerik. Estatuan, Ikerketa Soziologikoen Zentroaren (CIS) arabera, pandemia garaian biztanleriaren %6,4k osasun mentaleko profesional batengana jo du antsietateagatik edo depresioagatik, eta zerbitzu horietara jo duten pertsonen bikoitza baino gehiago emakumeak dira; emakumeengan, hemen ere, berdintasun ezak, lan munduko diskriminazioak, zaintza lanetan dituzten ardurak edo genero-indarkeria beste arazo guztiei eransten zaizkien gehigarriak dira.

Eta, hala ere, buruko osasunarekin zerikusia duen guztia serio hartu gabe jarraitzen dugu. Gimnastaren ahultasuna aipatzen duten zenbait iruzkin entzun edo irakurri besterik ez dago hala dela egiaztatzeko. Batzuek aurpegiratu diote presioari behar bezala eusten ez jakitea. Argi dago aldakako edo hankako lesioa izango balu ez luketela ezer esango, kasu horietan erretiratzea justifikatuta egongo litzateke. Baina gaixotasuna mentala denean, oraindik ez dugu onartzen askotan benetako gaixotasun bat bezala. Gauzak doazen moduan, baina, gure munduko gaixotasun larrienetako eta garrantzitsuenetako bat izango dela ez dago ukatzerik.

Más información

noticias de deia