Zirrikituetatik begira

Bezos

24.07.2021 | 00:16
Bezos

Duela 52 urte astronauta bat ilargira iristea gizateriaren lorpen kolektibo baten moduan bizi zen

BEZOSEN espaziorako bidaiak argi erakusten digu norantz goazen. Mundu honen norabidearen karikatura perfektua da. Bere balentria gizakia Ilargira iritsi zeneko 52. urteurrenarekin bat egin du Amazoneko jabeak. Eta zer aldatu da ordutik? Gauza asko, baina, batez ere, indibidualismoaren eta kontsumoaren gizartearen garaipena.

Duela 52 urte astronauta bat ilargira iristea gizateriaren lorpen kolektibo baten moduan bizi izan bazen, nahiz eta gizon bakar bat izan protagonista, Bezosen paseotxoa gizabanakoari ematen zaio garaikur moduko bat da, indibidualismoaren eta lehiakortasunaren aldeko oda bat. Saiatu eta lehena izango zara, beste guztien gainetik. Bidaltzen zaigun mezua hau da. Ez zaigu esaten gizarte hau urrun iritsi daitekeela hezkuntzan eta ikerketan inbertitzen bada, eta ahalegin horretatik onura kolektiboa lortuko dugula. Ez, lehentasuna da dirua egitea, edozelan dela ere, gure gutizia indibidualak bete ahal izateko. Eta dirua edozelan lortzearena ez dut nik esaten, berak berretsi du bere azken deklarazioekin, bidaia Amazoneko langileek (eta bezeroek) ordaindu dutela esan duenean. Benetan ordaindu dute ba, mundu osoan salatzen dituzten lan-baldintza latzekin.

Indibidualtasuna, kontsumismoa eta, jakina, maskulinotasuna nagusi espedizio azkar honetan. Bai, badakit Bezos bere garaian emakume izateagatik espaziora hegan egitea debekatu zioten Willy Funk 82 urteko pilotuarekin batera joan dela. Keinu garrantzitsua da, baina, hala ere, aberats honen abenturak maskulinotasun-eredu konkretu baten balio toxikoenez blai jarraitzen du: beti lehena izatea agintzen duten balioekin, liderra izatea, munduko txapelduna, Virgineko jabea den Richard Bransonekin duen gerra partikularrak berresten duen bezala. Pena balio horiek guztiak espazioan utzi ez izana. Baina, egia esan, hamaika minutuk ez dute askorako ematen.

Más información

noticias de deia