ANDEMIAREN birus erasotzailea alderrai dabil hiritik hiri, eta modu batean edo bestean, konfinamenduaren lurruna sentitzen da gero eta gehiagoz. Baina aurreratuenen nazioetan murrizketak malgutu dituzte dezente, eta are gehiago, kasu batzuetan erabat desagerrarazi dituzte. Une horretatik aurrera Askatasunaren Eguna ospatzen ari dira.

Hori Ingalaterran gertatu da aste honetan. Bertan maskara deserosoa ez dute erabiliko ez kalean, ez eta ezta leku itxietan ere, eta ondorioz, ez da berriz derrigorrezkoa izango.

Baina lehenak izateak beti dakar atzetik itzal beltza. Gaur egun, milaka kutsatze-kasu agertzen dira egunero toki horretan, eta txertaketa oraindik ez dute amaitu, baina halarik ere, egoera larriak emango ez direlakoan daude, eta horrexegatik askatasun hitza piztu da aho guztietan. Orain diskotekak, tabernak eta halako aretoak mukuru egon litezke gaueko askatasunetik tiraka. Bidaiatzea ere posiblea da inolako mugarik gabe, eta Espainian lehorreratze handi bat espero da herrialde hartatik, batez ere Mediterraneoko giro udatiarra bilatzen dutenen aldetik. Zerbeza, festa eta oporrak.

Askatasun horrekin baina, ez dute gozatuko Mediterraneo eta Atlantiko itsasoa zeharkatuta Europara bizimodu duinago baten atzetik etorri nahi zuten milaka emigrantek, izan ere, lehen seihilekoan milatik gora hil dira ur horietan. Batzuentzat askatasun perfektua, eta beste batzuetan kresala arteko infernua.

Egun hauetan ere, askatasunaren jabeak direla uste duten batzuek faxismoaren aldeko pintada iraingarriak egin dituzte Uribe Kostako zenbait herritan, hala nola Getxon, Erandion eta Leioan, ekainaren 18ko egunaren harira. Abertzaleen, euskaldunen, eta euskararen kontrakoak (baten batean emakumeak bortxatzeko aldarria eginez ere), guztiak laidogarriak, eta gaur egun onartezinak.

Ikusten denez faxismoaren indarraren intentsitatea gorantz doa, eta bizkitartean, Espainiako Gobernuak ez du horren kontra ezer ere egiten.

Akaso ez daki zer esan nahi duen askatasun hitzak?