Epaileen independentziaren ipuina entzuten dudan bakoitzean, grazia egiten dit, epaileak ez baitira pentsaerarik, ideologiarik edota ibilbiderik gabeak, inolako mentsarik eta orbainik ez dutenak. Horrela, erabaki batzuk interpretatzeko eta ulertzen saiatzeko, ezinbestekoa da, delako epaile horren ibilbidean, idazten dituen eta erakusten dituen jarrerei erreparatzea. Epaileak progresisten eta kontserbadoreen artean bereizten direnean, zerbaitengatik izango da. Konstituzio Epaitegiko zenbait aulki duela dozena-erdi urtetik berritu gabe badaude eta alderdi batzuk berritzearen kontra ari badira, zerbaitengatik izango da, beharbada, erabakietan eragiteko ahalmenari uko egin nahi ez diotelako izango da! Kontua da, epaileen artean, badirela epaile baino gehiago direla uste edo horren arabera jokatzen dutenak, hori ez dagokien arren!

Horrela, hamarkadetako ibilbidea zapuztu nahian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epai batek bertan behera utzi ditu Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat baztertzailea dela argudiatuta. Halaber, auzitegi bereko beste epaile batek lotsarik gabe auzitan jarri ditu izurriteari aurre egiteko neurriak, bidenabar, epidemiologoen eta bestelakoen gaitasuna eta jarduna zalantzan jarriz. Gehitu horri, besteak beste, izurriteari aurre egiteko epaileak hartzen ari diren erabakiak, bederen, kontraesankorrak eta anabasa sorrarazten ari direnak. Zinez, zalantzak ditut epaile batzuk duten zereginaz konturatzen diren. Halaber, ez dakit ez den mementoa iritsi epaile batzuen harropuzkeriari eta gehiegikeriei muga jartzeko, kontuan hartuta, neurriak hartu beharko lituzketenek ez dituztela hartzen eta korporatibismo hutsez halakoen defentsan ari direla.