IRE lagun batek dio elkarri ama eta aita deitzen dioten bikoteek ezin dutela izan sexu atsegingarririk. Esaten dit: zuk imajinatu klimaxera iristear zaudela, zure bikoteak belarrira esaten dizula gozatzen duzu, ama? edo erantzuten diozula bero-bero nago, aita. Horrela ez dago modurik, dena biguntzen zaizu. Bere teoria da elkarri aita eta ama deitzen dioten bikoteek edo ez dutela sexu askorik, edo bestela, gauza arraroekin berotzen direla. Eta barre egiten du.

Izan ere, jende asko hasten da bere bikotekideari aita edo ama deitzen haurrak presente daudenean, bere guraso-rola indartu nahian bezala, baina azkenean, konturatu gabe, espazio intimoenetan ere beren izena eta nortasuna galtzen hasten dira. Familian dugun rolak gu garen pertsona lurperatu dezakela, alegia. Eta hori, distantziatik begiratuta, zaila edo sinesgaitza dirudi, baina mehatxu handia bihurtzen da umeekin bizitzean.

Argi dago aita eta ama bihurtzeak bikote-harremana aldatzen duela. Bat-batean, bikote izatetik talde izatera pasatzen garela eta garai bateko intimitate erromantiko hura beste intimitate mota bat bihurtzen dela, etxekoagoa, domestikoagoa. Postontzian maitasun-gutunak jasotzen bagenituen, orain post it batean idatzitako erosketa-zerrendak aurkitzen ditugu hozkailuan itsatsita.

Hainbeste jartzen dugu gugandik umeen hazkun-tzan eta hezkuntzan, azkenean bikotearekin dugun elkarrizketarako gai ia bakarra bihurtzen dira, etxeari lotutako kudeaketa kontuekin batera. Hori gertatzea oso arrunta da, baina hortik zure izena ere galtzera, tarte bat dago.

Nire lagunak dio aspaldi ohartarazi ziola bere bikotekideari ama deitzen badio haserretuko dela, eta niri ere ohartarazi dit ez duela onartuko gure seme-alabek gure arteko elkarrizketak monopolizatzea. Elkartzen garenean, lehenengo minututan seme-alabei buruz kontatzeko dugun guztia botatzea proposatu dit, ta gero gutaz hitz egitea. Gutaz, gu garen emakume eta pertsonaz, gainean ditugun amena bezalako etiketa guztien gainetik. Bestela ez dagoela gure elkarrizketan ere klimaxera heltzerik.