ADIRA erakargarri egiten zaizkigun hi-tzak. Orohartzaileak direnekin gertatzen zaigu batik bat, agian hainbat ideia konplexu edo arazo laburki azaltzeko aukera eskaintzen digutelako. Hitz hauetako bat eraldaketa, transformazioa da. Berdin da zein den gaia: politika, aurrekontuak, ospakizunak, gizarte-bizi-tza, ..... denek dute izenlagun horrekin agertu beharra, kalitate eta moderno itxura hartzeko. Halere, ez da gutxiesteko terminoa: bizitza osoan joaten gara, ahal dugun neurrian, geure burua egoera berrietara moldatzen eta arazo zein erronkei aurre egiteko bide egokiak asmatzen; hitz batez esanda, geure burua eta ingurua eraldatzen.

Irakurri berri dut Xavier Aragay-ren gogoeta labur bezain iradokitzaile bat (#ElFuturoEsAhora). Bertan, hezkuntza eraldatzeko tresna lagungarriak eta kaltegarriak azaltzen dira, abiaburu hartuz kalitatezko hezkuntzak atxikia duen bokazio eraldatzailea.

Artikuluan sustatzailea definitzen da, energia erakarriz mugimendua eragiten duten indarren multzo gisa eta, horrexegatik, hezkuntzaren garapen osoaren eta integralaren eragile nagusia. Ikuspegi horretatik planteatzen ditu Agaray-k heziketaren eremuan eraldaketarako jardun sustatzaileak eta oztopatzaileak.

Artikulugileak aipatzen dituen oztopoen artetik bi hautatu ditut. Obsesio akademizista da bat, kaltegarria bai ikas-prozesuan zein ebaluazioan; taldeen eta ikas aukeren banaketak eragiten duten zatiketa da bestea. Faktore sustatzaileak ere badira, noski, heziketa praktikak baieztatuak, zorionez. Lehena, ongizatea eta ikas-prozesua elkarrekin lantzea da, ikasleak egoera zailei aurre egiteko prestatze bidean; heziketa prozesu osoan zehar berdintasunean inbertitzea da bestea, elkarbizitza sendotzeaz gain gizabanakoen heldutasuna ere ekartzen baitu; hezkuntza sistemaren osagai guztiak bide berean jartzea da beste bat, kontutan hartzekoa hau ere.

Laburbilduz, pertsona (ikaslea) ahalduntzea da helburua eta hezkuntza komunitatea da erantzulea.