Halere, leherketa bakoitzak ateratzen zuen zarata eta beroa erraietaraino heltzen zen. Ez dut ezagutu erlijioaren bitartez saltzen ziguten infernu hartara hainbeste hurreratzen den beste leku eta egoerarik. Aspaldi itxi zuten, baina lantegi itsusi hark han segitzen du, herrigunetik biziki hurbil. Nik neuk -iritzi soil bat besterik ez da-, leku hartan, ezin dut irudikatu inguru haren errekuperazioa auskalo noiz arte baldintzatuko lukeen jarduerarik.

Iraurgi bailara oso gaizki komunikatuta egon izan da beti, oraindik ere hala dago. Horregatik iraun du euskarak ere hain indartsu. Ditugun bide eta distantziekin, ez dago Azpeitian garraioaren dependentzia handiko jarduerarik abian jartzeko tentaziorik izango duen kristorik -edo Cristian Layrik-, aurrez eraikita dauden azpiegiturak baliatzeko aukerarik izan ezean. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldagarria da, herriko arduradun politikoen esku legoke. Ingurumen arazoetan oinarritutako ezezkoak ere ez zituzkeen kritikak saihestuko, baina logika betea izango luke. Ezezkoaren zioa industria-planik ez izatea bada, ez zait buruan sartzen zergatik eta zertarako eskaini duten Trukutxo.

Ez zait gustatu tartean diren hiru erakundeek eta bi alderdiek -ezta sindikatuek ere- gai honetaz egin duten kudeaketa. Benetan herriaren, herritarren eta lanaren alde badaude, bihar bertan jarri behar lukete aferari irtenbidea bilatzeko bilera-egutegi serio bat. Kontua ezin da “zu gezurteroago!” esatera mugatu.