SKO ari gara entzuten eta idazten Maroko eta Espainiako mugan gertatu den eztandaz. Ia dena esanda badago ere, gaiari eusteak bere larritasunaz hobeto jabetzea dakar, arazoa barneratuz bakarrik jarriko baikara irtenbideak bilatzen. Europa mailan irtenbide demokratikoak eta gizatiarrak adostea dagokigu, hurrengo sarraskiak ez gaitzan harrapatu eran-tzun puntual eta kaxkarren bila.

Azken sua piztu duena, Espainiako gobernuak hilzorian zegoen Fronte Polisarioko idazkari nagusia, Brahim Gali, ospitalean jasotzea izan da. Marokoko gobernuak erantzun du milaka herritarrei mugak zabaldu eta erbesteko polizia eta armadaren eskuetara bortizki jaurtiz, inolako dokumentu, paper, bitarteko eta segurtasunik gabe.

Lehen begirada batetik haratago, kontu hau itsaso beltzean ezkutuan dagoen izeberga bezalakoa da: gailurtxoarekin talka egitean agertzen da bere tamaina eta indar arriskutsu osoa.

Kortesia eta auzokideekiko tratu abegikorra bila-tzeak ez du kalterik egiten: Espainiako administrazioa, agian inozoki, ez zen jabetu Marokoko gobernuak nahi zuen aitzakiaz; gizarte zibilizatuetan herritarrei zor zaien errespetua eta babesa ukatu eta hauen bizkarrean estatu Espainiarri eta Europa osoari egurra emateko erabili zituen herritarrak, beste batzuetan gertatu bezala.

Espainiako gobernuak, bizkar eman behar al zion hilzorian zegoen gizon bati? Itxura denez, ez zion Marokoko gobernuari informaziorik eman. Zor al zion informazio hori? Ez al dute Espainiako estatuak eta Nazio Batuek erantzukizunik Saharan gertatzen ari denari begira? Zenbat bider hautsi ditu Marokoko gobernuak nazioartean hartu dituen konpromisoak?

Demokrazia formalentzako zorigaiztoak dira erregelak errespetatzen ez dituzten estatuak, herritar baztertuentzako arnasbidea den bezala bizimodu duinaren bila ahalegintzea, askoz garratzagoa izaten den arren europarrongandik jasotzen dutena. Mendebaldeko Sahara irtenbide demokratikoaren zain dago. Isiltasunak ekartzen du ahanztura, ez distantziak