ATZUETAN soinurik gabe ikusten dut telebistako albistegia. Egin proba. Zein mundutan bizi garen zehatzago ikusteko aukera ematen digu askotan isiltasunak. Albisteekin batera entzuten dugun ahotsa, gehienetan, lokartzen eta desaktibatzen gaituen zurrunbilo bat besterik ez baita. Atzealdetik entzuten den arrosario moduko bat.

Ikusi, adibidez, Gazako bonbardaketen irudiak soinurik gabe. Izua, ulertezintasuna eta amorrua areagotu egiten dira. Basoa ikusteko zuhaitzetik pixka bat aldentzea bezala da. Edo agian baso baino gehiago, oihana da ikusiko duzuna, indartsuenaren legea nagusi den oihan handi bat.

Ikusi Irlandako mutil nerabe horien irudiak, trena hartzeko korrika egiten duten neskak beldurtzen eta erasotzen. Ahotsik gabe ikusten duguna patriarkatuaren irudi ezin gardenagoa da. Nesken espazioa bortxatzeko eskubidea sentitzen duten mutilak, nahi dutenean, nahi duten bezala. Izututa korrika egiten duten neskei barre egiten dieten mutilak. Txikitatik horretarako eskubidea dutela ikasi duten mutilak, XXI. mendean egongo ez bagina bezala. Emakume guztiok sentitu dugu inoiz beldur hori, horregatik ez dugu off-eko ahotsik behar hor gertatzen ari dena ulertzeko.

Ikusi soinurik gabe Kabulgo nesken ikastetxe baten aurkako atentatuen irudiak. 85 heriotza. Ia biktima guztiak eskola-adineko neskak. Asmatu ea bizirik iraun duten beste neskatoen familiek hauen alfabetatzearen aldeko apustua egiten jarraituko duten.

Ikusi soinurik gabe poliziak nola husten duen putetxe bat. Emakumeak agertzen dira, erdi biluzik, baina ez dira inoiz agertzen gizonak, emakume pobreen beharraz baliatzen direnak, objektu gisa erabiltzen dituztenak, gero eta indarkeria gehiago erabiliz.

Itsusi bihurtu da mundua. Lehen ere bidegabekeria hauek eta beste batzuk gertatzen ziren, baina irudi-tzen zait hauen aurrean desaktibatzen ari garela, Gazan bere anaia txikiaren hilketagatik negar egiten duen neskato baten argazki batek ere ez digu erreakzionatzeko adina indarra ematen. Horregatik, albistegiak soinurik gabe ikusten hasi gaitezke. Ea isiltasun zaratatsu horrek esnarazten gaituen behingoz.