Zer gertatzen da gazte bati, batxilergoaren ondoren, musika edo dantza (kasu) ikastea erabaki duela esaten duenean? Bada, bere talentua alferrik galtzea dela iruditzen zaigula. Artea egitea berezko zerbait dela dirudigulako. Norbaiti txikitatik ondo ateratzen zaion hori. Gustura egiten duena. Guztion plazererako. Horixe. Denbora libreaz gozatzeko. Birtuosoa, baina ez betiko profesio baten pareko...

Ez dugu ikasi artistaren begirada baloratzen. Ez baitigute irakatsi. Ez dugu ikasi gizakiak bizitzeko lan finkoa baino zerbait gehiago behar duela baloratzen. Besterik esan baitigute. Ez dugu onartzen gure bizitzari zentzua ematen diona, industriaz, osasunaz, politikaz eta abarrez gain, nor egiten gaituen "hori" dela. Horixe. Sentitzen duguna. Garena. Eta "hori" egitea, "hori" birsortzea, lan gogorra dela. Beste edozein bezain edo are gogorragoa.

Itsu jarraitzen dugu. Betiko trenaren errailetik. Betiko munduari betiko begiekin so. Belaunaldi berriei, adierazteko dakarten modu berriei, mundu estu hori zabaltzen ari direnei, betidanik jarrita dauden errailak hobesten ditugula azpimarratuz.

Arteak eta adar artistikoak, beste sektore eta adarren pareko balorazioa behar du gurean. Gure herriari damaion nortasunagatik, diziplina ezberdinak lotuz herriaren kohesio bidean egiten duen lanagatik, eta beste edozein ikasketa edo lan arlo bezain neketsua delako, horretarako ezinbestekoa den talentuaz gain.