ADIRA hitz batzuk, bere horretan, edertasun zantzua gordetzen dutenak. Niri bereziki atsegin zaidan bat dardara da (baditut beste asko: elemenia, sostengu, karnaba, malurra, harrimena, goiztiria, ments, antzigarra, potreta, lanbroa€). Dardara da Berri Txarrak taldeari buruzko dokumental bat. Egunotan hainbat zinema aretotan duzue ikusgai. Taldearen nondik norakoak segitu ditugunontzat, amaiera epiko eta hunkigarriaren isla dakar film horrek. Irudiak oso potenteak dira, eta musikarekin batera lerratzen eta haizatzen diren Gorka Urbizuren pentsakizun-katearekin beste kanta bat ere osa liteke.

Taldeari buruz deus gutxi dakienak ere ikus lezake pelikula, musikaz eta mundu horrek barneratzen, eta era berean, barreiatzen duen energiaren disekzio bikaina egiten baitu bere zuzendariak, Marina Lameirok.

Malenkonia eta esker kutsua handia du lanak, taldearen azken biretan grabatutako irudietan, amaiera posiblearen hodeiertzak hartzen baitu osoki filmaren giroa. Musika-bibrazio asko dago fotogrametan, musikarekiko pasio errotua, eta kantariaren urrezko hausnarketak ere. Baina, fokua, horietan jarrita badago ere, beste protagonista batzuengan ere ezarri da: zaleengan.

Banan banan agertzen dira, anonimatu hutsean, bakoitza bere lubakian, bere munduan, bere trantsizioan, bere melomaniaren parametroetan. Ezezagun batzuk dira, baina oholtzaren aurrean musikaren eztanda sentitzen duen beste edozein izan zitekeen. Horrek guztiak dardara berezi bat osatzen du, zinema aretotik ateratzean abandonatzen ez zaituena.

Beste aldetik, antzeko dardara horren inguruan, baina beste arrazoi batzuengatik, kolektibo handi bat osatu da. Guk Dar Dar ELAntártida izenburupean ezagutu genuen: ELA gaixotasunaren alde borrokan dabilen lagun kuadrilla handi bat. Kontua da asteburu honetan beste film eder bat aurkeztu dutela Bilbon, endekapenezko gaixotasun larriaren aldeko ikusgarritasuna eta ikerkuntza aldarrikatzeko asmoz. Nekaezinak dira familia handi horretako kideak.

Dardara gustatzen zaidan elea da. Hotzarengatik dar-dar egiten duzu, bai eta emozioagatik ere.