Badugu, oro har, gizatasunaren izenean, besteen bizitzaren eta bizitzeko behar diren erabakien inguruan iritzia emateko joera eta, iritzia emateaz gain, legeak ezartzekoa. Ibilbide bertsua izan zuen abortoaren legeak ere eta oraindik dirau, herrialde asko eta askotan. Zergatik eta nola erabaki dezake inork, beste baten bizitzaren eta bizitzeko behar dituen erabakien gainean? Galdera inozoa dirudi baina ez da hain axala.

Entzuna zaigu "nik ez nuen bizitza honetara etor- tzea erabaki" esaldia. Oso zatarra iruditu izan zaidana, portzierto, betidanik. Zuregatik beste norbaitek (emakume batek) hartu zuen erabakia indargabetzen duelako. Beraz, lehenbiziko eskubide behinena, zu mundura ekartzeko norbaitek (emakumeak) erabakiz egin izatea da. Hau da, zu istripuz, halabeharrez edo beste erremediorik gabe mundura etorri izana ekiditea. Hori da, bada, bizitzako lehenbiziko eskubidea. Erabakiz mundura etorri ahal izatea.

Eta, bigarrena, norbere bizitzaren eta heriotzaren gainean erabaki ahal izatea da. Jauzi hau, ordea, lege bat idaztea baino zailagoa da. Gure bizitzaz eta heriotzaz erabaki dezakegula ikasi egin behar baitugu eta, artean, inork, inoiz, inon, ez baitzaigu azaldu.

Orain, bizi testamentua prestatu behar omen dugu, biharko egunerako guk nahi eta erabakitzen dugun hori beteko bada. Eskubideak oso neketsuak suertatzen zaizkigu, bada. Ez naturalak. Paperez eta prozeduraz beteak. Artifizial bilakatzen. Bizirik geratuko diren horien guztien lasaitasunerako, bizi testamentua idazten ikasi beharko dugu. Eta, horretarako, lagunduta izan beharko dugu, familia tartekoren batekin edo, burua lepo gainean dugula ziurtatzeko eta ganbara itokinik gabe.

Besteren bizitzak arautzeko mania hori€

Bizitzara etortzeak eme kolorea duen bezala, eutanasiak ere, erro etimologikoaz arduratu aitzin, emakume izena daukala iruditu izan zait beti.