IZKUNTZA gutxitua da gurea. Hori diote ezagutzen ez dutenek, lengoaia miresgarritzat hartzen ez dutenek. Badakizue, gutxi omen da beste ele indartsuen aurrean, hegemonikoekin erkaturik gutxitua, ahula, maskala, mengela.

Eta baliteke gorrotatzen duten beste horientzat hutsala eta garrantzirik gabekoa izatea, baina euskaldunontzat sekulako boterea dauka. Sekulakoa, desagerrarazi nahi duten beste horiek nekez ulertuko eta neurtuko luketen boterea.

Herenegun gutxiespen eguna ere izan hizkuntza gutxituentzat. Gutxi beti da gutxi, nahiz eta gutxiengo batek gauza oso handiak lor ditzakeen. Baina egunotan, ardurenean jasotzen duguna, gutxi.

Euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren aldeko eragile nagusiek agerraldia egin zuten Diputatuen Kongresuan hizkuntza horiek behar duten babes minimoa lortzeko ahaleginetan. Hamar alderdik elkarrekin aurkeztu zuten proposamena abenduan: BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemosek. Paul Bilbaok euskararen botere horren defendatzaile sutsuak, hemizikloko alderdiek demokraziaren alde beste urrats bat egiteko aukera aparta bazutela esan zuen, zeren eta gizarte demokratikoagoa, berdinzaleagoa eta justuago bat eraikitzearen aldeko indarrak batu zitzaketen. Demokraziaren izenean gauza asko egiten dira, eta beste gauza asko burutuko beharko lirateke. Zoritxarrez beste kontu dezenteri muzin egiten diote Espainia aldean.

Eta hala, beste askotan egin duen bezala, Espainiako Gobernuak bizkar eman die ostera ere Europako Kontseiluaren gomendioei, bai eta estatuaren gobernu pean bizi diren hizkuntza altxorren eskakizunei ere.

Eta ohiko erdeinu eta mespretxu horrek zer dakar? Bada betikoa; Espainieraren inposizio betierekoa, toki guztietan eta esparru askotarako. Asmoz eta jakitez. Euskal Herrian Euskaraz taldeak ondo adierazi duen moduan: Espainiak mendean dituen hizkuntza gutxiagotuak desagerrarazi arte inposizio linguizidarekin jarraitzeko borondate osoa du. Eta geu ere gutxituak gara.