RISIAK bizirik dirau. Eta krisialdiak maila guztietan eraso egiten du. Atzoko eguna ere sasoi honetan itotzen gaituen prekarietatea salatzeko balio izan zuen. Badirudi ekonomiaren egoera kritikoak (eta sozialak ere) errepikatu egiten direla ziklikoki, eta pandemiak ekarri duena ez da gutxiagorako izango. Etorkizunari begira jartzen den edozein gazte derrigorrezko prokrastinazio sentipen batek hartzen du, bizi-itxaropenari (denboran eta kalitatean) ateak zabaltzeko oztopo moduko zerbait bilakatzen bai-tzaie egunerokoa. Kontuan hartu behar da, gazteen artean egindako ikerketa batek azaltzen duen bezala, 25 urte baino gutxiago dutenen artean dagoen langabezia % 40 baino gehiago dela. Eta besteak ere antzean dabiltza.

Hortaz, egoera animikoa, benetan txarra da. Pandemiak aukera asko zapuztu ditu urte batzuetarako, normaltasuna gaur egun ziurgabetasuna baita.

Eta hala sentitzen denak zer egin beharko du. Akaso, isilik lotu? Ez, egoera horri men egin ez, eta protestatu, dagozkien eskubideak aldarrikatzeko, bestela frustrazioak gorantz egingo du, kontainerren kearen moduan.

Pandemiak ere bestelako ezberdintasunak areagotu ditu. Emakumeen egoera salagarria da aspalditik, baina pandemiaren egoera brutalak handitu egin ditu emakumeek jasaten dituzten asimetria kaltegarriak, betiko botere politiko-ekonomikoek oinarri hetero-patriarkalak sendotu nahi izan baititu interes pribatuen aldeko desoreka bultzatuz.

Bada, etorkizuna kolokan egon ez dadin ere, Emakumeen Nazioarteko Egunak duen garrantzia berebizikoa da. Leloa argia izan da, aldaketa beharrezkoa da, premiazkoa da, eta sistema hori arrakalatu behar dugu kapitalismoa eta patriarkatua behingoz amaitzeko.

Baina Madrilen, faxistek egiten dituzten manifestazioak ontzat hartzen dituzten bitartean, kolektibo feminista kriminalizatu egin nahi dute, eta seguruenik poliziak gidatuko du Espainiako kapitaleko aldarrikapenen kontrako maniobra. Baina jakin dezatela emakumeen eskubideen aldeko borrokak edozein krisialdi edo botere baino ahaltsuagoa dela.