Z da erraza XVII. mendeko Zuberoan kokatzea, gizarte haren katramilak interpretatzea, orduko xiberotarren larruan sartzea. Luis handia erregeak zenbait erabaki murriztaile hartu zituen, Zuberoako foru eta eskubideak indargabetu eta estatu zentralista bat sortzea xede. Zuberoako gorteetako ordezkarien artean ez zen adostasunik izan eman beharreko erantzunaz. Orduan agertu zen Bernard Goienetxe apaiza, Matalaz sonatua. Haren gidaritzapean burutu zen 1661eko ekaineko altxamendua; 7.000 matxinok Maule hiria eta gaztelua setiatu zituzten eta nobleziak Bordeleko armadaren laguntza eskatu behar izan zuen. Urriaren 12an izan zen borrokaldia, matxinoek galdu egin zuten. Matalaz Mauleko gazteluan epaitu zuten eta Lextarreko plazan moztu zioten lepoa. Haren burua gazteluko kanoi batetik zintzilik eduki zuten hainbat egunez, herritarren zentzagarri.

Badirudi historiaren zenbait atal ez ditugula sekula santan atzean utziko. Eskubide-murrizketa haiek ezarri zituen erregea, Frantziako Louis XIV.a eta Nafarroako III.a, borboitarra zen. Beste borboitar baten aurkako hitzengatik -eta beste zenbait aferarengatik- kartzelatu dute Pablo Hansel raperoa. Irain eta eraso batzuekin hain azal fineko eta beste batzuekin hain larrusendo ez bagina, hil honen 13an Madrilen Dibisio Urdina ohoratu zutenen adierazpen-eskubidea ere defendatu beharko genuke. "Aurkaria beti bera izango da, nahiz eta maskara aldatu: juduak!", esan zuen Isabel M. Peralta hizlari gazteak.

Kontua ez omen da hau edo hura defendatzea, zernahi esateko eskubidea baizik. Horrekin loturik doa, naski, beste batzuek guretzat iraingarri direnak esateko duketena. Ahoa neurri, alegia. Testuinguru horretan, harritzekoa bezain larritzekoa da eremu ideologiko guztietako erreferenteen maila intelektuala. A zer heroi, martiri eta liderrak...