AGUN batek esan dit ez duela poesia ulertzen. Marrubien zaporea ulertzen duen galdetu diot. Antonio Gamonedak dio okerra dela poesia ulertzen saiatzea Estatuko Aldizkari Ofiziala uler daitekeen bezala. Poesia zentzumenekin ulertzen dugu eta ulermen horrek ez du antsietateak jota bilatzen irtenbide bat, zentzu bat baizik. Baina, hala ere, poema askok ematen diguten guztia jaso ahal izateko, prestaketa bat behar da, aurretiko irakurketa batzuk.

Aste honetan poeta handi bat hil da, Joan Margarit. Haren heriotzaren berri izan bezain laster, haren poema batzuk berrirakurri eta haren azken elkarrizketak bilatu nituen. Horietako batean azaltzen du poesian zerbaitek funtziona-tzen badu egia dela, eta egia oso zaila dela, "irakurrita hartu behar zaituelako".

Agian poesia ez da ulertu behar, baina intentsitate osoz sentitzeko eta poema baten zentzu osoa jaso ahal izateko, Margaritek zioen bezala, beharrezkoa da prestaketa bat. Margariten esanetan, "zahartzaro indartsu" bat eraikitzen hasi beharko ginateke gaztetatik irakurketaren bidez, gure bizitzaren azken aroan poesiara mugarik gabe iritsi ahal izateko. Izan ere, bere ustez, poesia kontsolamendu bat da gizakiarentzat, eta, kasu batzuetan, salbazio bat ere izan daiteke.

Poetak zionez, poesia eta musika dira gizakiak bere bakardadean dituen kontsolamendu tresna nagusiak. Eta haren ustez, gizakia beti dago bakardadeari lotua, nahiz eta maite duten eta maite dituen pertsonak hurbil izan, "afektuen lehen gerriko horretan". Eta elkarrizketetako bat amaitzen du esanez poema bat egitea hiltzea baino askoz zailagoa dela: "Poema bat ezin du mundu guztiak egin. Hiltzea denon eskura dago".

Ingurura begiratzen dut. Azken urtean gertatu zaigun guztiaz hausnartzen saiatzen naiz, ikusten dut nola geratu den gure gizartea biluzik, nola dauden bere akats eta bertuteak inoiz baino ageriago, eta pentsatu dut, norbaitek poesiaren erabilgarritasunaz galdetuz gero, nire erantzuna izango dela une honetan, bereziki orain, inoiz baino beharrezkoagoa dela.