ALTA nabarmenak egiten dituen estatu baten pean bizi gara kondenaturik. Tai gabe huts mastodontikoak egiten dituen Espainia da kultura zigortzen duena, eta nazismoa kaleetan barna gurtzeko baimena ematen duena. Hainbeste lotsabakokeria ikusi dugu aspaldian, ezen dena arrunta balitz bezala iruntzi egiten dugun.

Estatu horrek sarraski historikoak egin zituztenen aldeko omenaldiak onartzen ditu, nazismoa eta frankismoa inpunitate osoz goratzeko, kanta ba-tzuetako letrak laidotzat eta terrorismo zantzutzat hartzen dituen bitartean (Espainiako erregeaz kantatzeagatik). Eta askok eskuak burura eramaten dituzte harriturik, normaltasun demokratikoa ez dagoela entzun bezain pronto. Nola ez dagoela demokrazia erabatekorik?

Horiek izan dira aste honetan, modu zakarrean, eta inolako koplarik gabe, bizi eta entzun behar izan ditugun kontu danteskoak.

Egunotan irudi izugarriak ikusi ditugu Madrilen, bandera eta sinbologia hitlerianoz beteriko talde batek gerrako militar eroriak, naziekin orpoz orpo borrokan aritu zirenak, modu fanatikoan omentzen. Bai, omentzen. Alemanian, behinolako nazien habian, jende hori guztia kartzeletan egongo litzateke, gorroto delituak leporaturik. Espainian ostera, bertako protagonista bati elkarrizketak egin dizkiote. Neskato faxista batek sekulako sermoi antisemita bota zuen ultraeskuindar talde burugabeko haren aurrean, eta ekintza arbuiagarri hori mespretxatu, kondenatu eta isilarazi egin beharrean debaterako gaitzat hartzen dute hedabideetan, eta faxismoaren influencer bat dela esatera ausartzen dira. Influencerra? Nazka, gomitolarria eta bihotzerrea!

Jendilaje horren inguruan ez zen polizia bat ere agertu, eta ez da oraindik atxiloketarik egin, baina Hasel kantaria kartzelaratzeko orduan polizia trumilka joan zitzaion, delinkuenterik hilgarriena balitz bezala. Egunotan, makina bat herritan elkarretaratzeak egiten ari dira proportziorik gabeko atxiloketa groteskoaren kontra.

Botere ilunek inpunitatea betikotu nahi dute poliziaren bidez eta epaileen bidez. Bitartean, Espainiako Gobernuak mutu dirau, "aro berria" noiz etorriko zain.