GogorGezurra

Orain, ordea, ez da horrelakorik sentitzen. Gezurrak era askotakoak izan baitaitezke, egiak bezala. Eta ustezko gezurren salaketak ez baitira ustezko egiak bilatzeko, indarrak neurtzeko eta bestearen izena lohitzeko baizik. Ez da ispiluaren aurrean jarri eta ona eta txarraren marra non dagoen erakusteko. Ez da lezio etiko bat emateko. Baizik eta domina txikia paparreratzeko (txikia izan arren ere, domina beti domina baita).

Praktika horrek egia bat baino gehiago daudela erakutsi nahi digula ikusten dugu eta, baita, jardun horretan gezurra salatzeak ez gaituela batzen. Baizik eta areago banatzen.

Kantu hartan, tenor ahots batek urratzen zuen isiltasuna "gezuuuuurra!" oihuarekin abestiari hasiera emanez. Eta, ondoren, koroak erantzuten zion, oihartzun gisa, "hori gezurra da" xuxurlatuz. Tenor hark jarraitzaileak zituen, ahots nagusiak zioena indartzen eta defendatzen zuena.

Orain, ostera, ahotsak daude. Ez dira tenorrak. Era guztietakoak baizik. Eta koroak ere ez dira abesbatzak. Bat egiten ez duten kardantxiloak, ubarroiak eta beleak baizik.

Kantatzen zekien herri hari Got Talent-era beren burua erakustera doazen sasi-kantariak gailendu zaizkio, zeintzuei talentua dutela edo egiaren jabe direla adierazi nahi izatetik urrun, herri sakabanatuaren iritzia manipulatzea interesatzen zaien.