ORBAITEK esan zuen aske sentitzeak ezinbesteko bakardadea dakarrela berarekin. Badaude askatasunaren deiari eta magiari men eginez, bakardadea "neurrian" onar-tzeko prest agertzen direnak, ausardiaz anakoreta bilakatzeko asmo iniziatikoa burutzeko joera daukatenak. Agian punkiek aldarrikatzen zuten no future lema inoiz baino agerikoago begitantzen zaielako.

Baliteke munduaren okerreko bideari muzin egiteko aukera pertsonala izatea bakardadea, izan ere horrek nor bera kasan ibiltzeko aukera ematen du, hots, libreago sentitzen zara nahi duzuna egin ahal izateko€ nolazpait zure bizitzaren kapitaina zara. Baina jakina, dena ez da eguzkiaren printza, eta denbora-tarte asko bakarrik pasatzeak bere pisu latza uzten du gure bizkar ahulean. Bakardadea karga bilakatu ahal da erraz, eta gauden une pandemikoan areago.

Alde ezkorretik begiraturik, mundua okerrera doa, eta hainbat indize dugu hori baieztatzeko: neurriz kanpoko kutsaduraren igoera kontrolaezina, herrialde askotako liskar militar zentzunbakoak, gosez hiltzen diren lagunen kopuru lotsagarria, ekosistemetako basa-bizitza suntsitzeko dugun joera eskandaluzkoa, gaixotasun berriak sortzeko hasi dugun bide larria, €.eta drama horretan, mundu populatuegi horren barruan, jendea gero eta bakartiago sentitzen da.

Horixe irakurri dut aste honetan, EHUko ikerketa talde batek ateratako ondoriotan: lau pertsonatik bat bakarrik sentitzen da EAEn. Ikerketak dio zaharrengan eta maila baxuko jendearen artean sortzen dela batik bat sentimendu hori. Baina seguruenik, bakardadeak gutako bakoitzari eraso egin dio inoiz une zehatz batean. Eta diodan moduan, areago sasoi ilun eta kritiko honetan, etxean konfinaturik halabeharrez egon behar izan garenean. Buru-osasuna ez omen daukagu oso orekaturik, eta hala, gure zaurgarritasunaren luze-laburrak zehaztu ahal izan ditugu: bakartze soziala ematen ari da gure gertukoengan, espaloiaz beste aldean bide diren horiengan, lagun eta familia artean.

Dena dugu eskura, batzuek nahi dutenaz ingura-tzeko gaitasun ekonomikoa ere, baina gero eta bakartiago sentitzen gara.