Larunbatean, mandatuak egiten ari nintzela, euriak harrapatu ninduen. Aterkirik gabe atera nintzen, zerua mehatxu alde. Eta auzoko taberna batean sartu nintzen, babesean, zerbait beroa hartzera. Taberna handi samarra izaki, terrazakoez gain, barruko mahaietan eta barra inguruan ere, jendea zegoen. Hauen artean, lau gizonezko heldu, zortzi urte inguruko mutiko batekin, ustez, jolasean. Zangoa buru gainetik nork gorago jasotzen zuen aztertzen ari ziren. Mutikoa ari zen, garrasi batean, neurketa egiten. Eta gizon helduak, mutikoaren esanetara, zangoak sabai azpira igotzen. Bik, jauzi egiten zuten zangoa buruaren gainetik pasatzeko. Beste biek, barra aldameneko hormara igotzen zituzten, hormaren zurian zapatilaren marra beltza nola zikintzen zuten erakutsiz.

Izerditan ari ziren lauak mutikoaren aginduak bete nahian edo.

Handik gutxira, bikote bat sartu zen tabernan eta barran eskatu ondoren, edariak eskuetan zituztela, mahaietako baterako bidea hartu zuten. Gizon helduetako batek, bikotearen mugimenduaz konturatu ez eta, zangoarekin eman zion emakumezkoari. Eta mutikoaren aita zirudienak, barkamena eskatu zien: "Mutikoarekin jolasten ari gara eta€" desenkusatu zen: "Premia genuen guztiok ere€".

Bikote erasotua begira-begira gelditu zitzaien eta, egoeraz jabetuta, ez zioten ezer esan.

"Musukoa jantzita ari gara, beti ere" esanez azkendu zuen mutikoaren aita zirudienak.