URTEN Estatu Batuetako lehendakaritzarako kanpainan ez da gehiegi entzun hemendik bi presidentegaiak berdinak direla, oso antzekoak, eta ez duela inolako garran-tzirik hauteskundeak nork irabazi. Aurreko kanpainan, berriz, hamaika aldiz, eta aspertu arte, kontatu ziguten batzuek Donald Trump eta Hillary Clinton berdin-berdinak zirela, nork irabazi munta gutxiko kontua zela, eta Estatu Batuek, batarekin zein bestearekin, betiko izugarrikeria kapitalista eta inperialista izaten segituko zutela.

Azken lau urteotan guztiok konprobatu dugu Trump desberdinegia dela, bestelakoegia, berdintasun eta errazkeria horiek mantentzeko. Bestaldetik, baikor batzuek uste zuten Trumpen trumpkeriak jasan eta gero, jende askok begiak ireki eta iraultza hasiko zutela. Ez da ezer gertatu: trumpzaleek trumpzale segitzen dute, eta Trumpen imitatzaileak eta miresleak munduan zehar hedatu dira. Zuzendu behar dut nire burua: zerbait gertatu da, hauteskundeak Joe Bidenek irabazi ditu; batzuk lasterka joan dira botoa ematera Trumpen irainak eta gezurrak ez entzuteko. Estatu Batuak beti bezain kapitalistak eta inperialistak izango dira, baina askok arnasbide txiki bat, behintzat, izango dute. Gehienok badakigu presidente berriak ez duela iraultza sozialista abian jarriko, espero ere inork ez zuen espero (ala bai?). Gutxi da eta asko da, aldi berean.

Aurrekontuekin gabiltzala, konparazioa egin daiteke, nire ustez. Batzuen ustez hango, horko edo hemengo aurrekontuak onartzea edo ez onartzea iraultzaren kontrako edo aldeko ekintza gorrotagarriena edo hoberena da, baina, nik dakidala, iraultzak ez dira aurrekontuekin inoiz hasi. Arnasbide txiki bat emango digute horrelako aurrekontuek, eta ez beste horiek. Dirua osasun arloan jar-tzeak eta ez azpiegitura faraonikoetan, adibidez, gure bizitzak alda ditzake. Gutxi da eta asko da, aldi berean.

Ea Brasilen Jair Bolsonaro, trumpinho hori, laster botatzen duten lehendakaritzatik. Ni madarikazio marikarekin (beste madarikazio batzuk bezain arriskutsua, kontuz ibili) hasi naiz jadanik.