AREAN irakurri dut Mendebaldeko sahararren eta Marokoren artean lehertu den gerra sahararrek nahita probokatua izan dela, Guerguerateko pasabidea blokeatu baitute. Han bildutako militanteek egin dutena denbora asko ez dela txaleko horiek egin zuten Biriatuko mugan, edo independentista katalanek La Jonqueran. Horixe aski zuen Marokok armada bertara bidali eta bere nagusitasun militarraren erakustaldiak egiteko. Gaiaz informatuta ez daudenek ezin dute imajinatu ere egin sahararrek zenbaterainoko zapalkuntza bizi duten euren jatorrizko lurrean, lurralde okupatuetan.

Otsailaren 27a egun handia da beraientzat, 1976ko egun horretan aldarrikatu zuten Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa. Ospakizun horren kariaz Marokok kolonizatutako edozein hiritan manifestaldiren bat egitea otutzen bazaie, ondorioak lazgarriak izan ohi dira. Esate baterako, poliziak kolonoak eraman izan ditu saharar baten denda aurrera. "Denda hau saharar batena da. Zigorra merezi du, egizue nahi duzuena." Eta kolonoek, barruan zegoen dena ebatsi ondoren, dendari su eman izan diote, poliziak irriz begiratzen zuen bitartean. Egun argitan, inpunitate osoz. Zenbat eta publikoagoa, orduan eta "zentzagarriagoa" izango da zigorra, eta hainbat argiago erakutsiko zaie eguzkia ezkutatu ondoren gerta lekiekeenaren mehatxua.

Sahararrak su-etenean egon dira 1991az geroztik. Lurralde okupatuetan Marokoren indarkeriaren mende, Tindufeko kanpalekuetan miseriarik gorrienean. Bada, ordea, bortxa eta muturreko txirotasuna baino are suntsigarriagoa den zerbait: itxaropenik eza. Zer galdurik gabe, saharar gazteak gerrarako deiari erantzuten ari dira. Oporrak Bakean programaren bidez gure herrietan ibili izan diren haietako batzuk ere, aitona-amonak, gurasoak, neba-arrebak eta lagunak agurturik, fronterantz abiatu dira: "gera asi da", jakinarazi digute. Zer galdurik ez, eta ezer irabaztea oso zail. Geure hedabideetan ere Irribarriak Darioren aurka galdu izana askoz errazago bihurtu da lerroburu. Gure munduan Sahara zakurraren ipurdia da, baita agintari eta herritarron arduretan ere.