AU hankaren gainean ohola izan eta jateko edo ikasteko erabiltzen dugun gailua izendatzen dugu M-A-H-A-I-A; izenda genezakeen S-I-LL-A denok hala erabakita, lengoaia eta objektuen arteko lotura erabat arbitrarioa baita, baina mahaia izendatu dugu. (Erotzat hartzen dugu mahaiari silla deitzen diona, hizkuntza eta errealitatearen arteko lotura ez duelako ongi egiten). Egia hitza eta izendatzen duen kontzeptuaren arteko lotura ere arbitrarioa da. Kristautasunaren garaian egia Jainkoak esandakoa zen, halaxe da oraindik hainbat gizarte musulmanetan; gero, Jainkoa eta gizartearen arteko ituna desegin zenean, Ilustrazioetan oinarritutakoa zen egia, alegia, zientziek eta filosofiak ezarritakoa. Eta itun hori ere berriki hautsi zaigu, besteak beste, egia horren zati hainbat gizatalde parte izaten ahalegindu direnean: beltzak, emakumeak, pobreak...horiek ere izan nahi dute gizaki hitzaren parte, jende hitzaren parte, edo populazio hitzaren parte.

Egia hitza eta sustengatzen duen zola sozial, filosofiko eta diskurtsiboaren arteko ituna hautsi egin delako adibide dugu Trump, ez sorburu, ordea. Trump sintoma da, sintoma zinikoa, berak, bere jarratzaileek ez bezala, bai baitaki ituna hautsita dagoela; jarraitzaileek , hala ere, nahi dute egia hitza eta diskurtso sozialaren arteko ituna berregin eta beraiek lehengora itzuli, alegia, zuria, gizona, aberatsa izatea egiaren muina izaten jarraitzea. Horregatik daude Trump bezalako gezurti egia sortzaile bati sinesteko prest, lehengo egia, pribilegioduna, berregin nahi dutelako.

Berri faltsuak kontrolatu eta salatzeko batzordea sortu du Espainiako Gobernuak, eta eskuineko hedabideek Orwellen Egiaren Ministerio sortu nahi izatea leporatu diote. Orwellen unibertsoan egia izan bada, arazoa da instantzia bakarrak eta nahierara sortu ahal duela; Pedro Sanchezen unibertsoan, Trumpenean, gurean, norberak fabrika dezake egia bere erara eta ugariaren ugariz ez du ezertarako balio. Egiaondoaren garaia da. Lengoaia eta gauzen arteko lotura hautsita dago, eta mila batzorde sortuta ere, horrela ez dute konponduko. Sintoma gehiago agertuko dira!