UNDU honetan dena erosi daitekeela diote, denak duela prezioa. Egia da, neurri batean. Baina ez guztiz. Izan ere, diruarekin karrera bat, unibertsitate-titulu bat, master bat... erosi omen ditzakezu, adibidez, baina ez ezagutza. Munduko diru guztiarekin ere ezinezkoa baita salerosketa baten bitartez buru batetik bestera pasatzea norbanakoaren ahalegin baten emaitza dena. Ikasteak ahalegin bat eskatzen baitu, ikasi nahi eta ikasteko hartutako lan bat. Ez dago lasterbiderik, ezta egun batetik bestera jakintsu bihurtzen gaituen makila magikorik ere. Hala ere, mundu honetan, erosi eta saldu daitezkeen gauzek dute balorazio gorena, eta zabaldua dago diruaz dena lor daitekeen ustea. Baina Nuccio Ordinek L'utilità dell'inutile liburuan gogorarazten digunez, jakintzak desafiatu egiten ditu merkatuko legeak, zeren gure ezagutzak beste pertsona batzuekin parteka-tzean, ez gara pobretzen. Are gehiago, norbaiti zerbait irakasten diogunean ez da bakarrik har-tzailea aberasten, baita irakaslea ere. Eta hau ez dator bat munduan nagusi den logika merkantilistarekin.

Ordinek bere liburuan esaten du oso mingarria egiten zaiola ikustea gizon eta emakumeak guztiz tematuta mozkin ekonomikoaren lurralde promestuaren aldeko lasterketa zentzugabean. Haren ustez, mozkinari bakarrik jarraituz gero, gizatalde gaixo eta oroimenik gabea sortuko dugu, eta ondorioz, geure buruen eta bizitzaren benetako zentzua galduko dugu. Irabaziaren eta errentagarritasunaren logika horretan, gainera, ezagutza bera ere informazio-metaketa soil gisa ulertzen da askotan, jakintzaren aberastasunak zerikusi handiagoa duenean pentsatzen ikastearekin eta ikasten dugun horrekin harreman aske bat izatearekin.

Gaur egungo neska eta mutil gazteei begiratzen diet eta iruditzen zait etengabe ari direla jasotzen mezu bat: mundu honetan dena erosi daitekeela. Hori horrela ez dela jakiteko eskubidea dute. Behin eta berriz esan beharko genieke unea aprobetxatu dezatela ahal duten guztia ikasteko; izan ere, hazten direnean, munduko diru guztiak ere ezingo ditu atera ezjakintasunaren pobreziatik.