Z dut bideoa ikusi, ezin izango nuke ikusi. Baina, han hemenka agertu dira zin-tza horretako hainbat irudi eta hainbat pertsonaia xelebre. Guztien ahoan gora erregea hitzak entzuten ziren, bai eta nazio baten aldeko oihuak, eta abar. Talde batek bultzaturiko ekintza da; talde horren izena Libres Iguales omen da. Paradoxa ederra dakar izen dontsuak. Askeak, nortzuk? Berdinak, nortzuk? Cayetana izeneko emakume batek proposatu ei du ikus-entzunezkoa konstituzioaren, monarkiaren eta demokraziaren izenean. Bertan makina bat politiko, kirolari, kazetari, artista eta torero agertzen dira. Eskuina eta ultraeskuinaren munduko aurpegiak dira guztiak, aurretiaz ezagutzen genituenak. Beraz, ez dago ezer berririk laino guztien azpitik.

Ultraeskuinaren mugimendua harropuzkeriaz hanpatuta dago, eta bertako apostoluak bularra zeharo puztuta agertzen dira beti jendaurrean, espainolismoarekiko norgehiagoka etengabean.

Kontua da gero eta plaza gehiago izaten duela politika marka horrek. Hispanitatearen egun horretan makina bat talde antifaxista bildu ziren hiri askotan, nazi eta ultraeskuinaren mobilizazio-deiei erantzun sendoa emateko asmoz. Oso kasu deigarria Valentzian gertatu zen. Han diktadura frankista eta nazismoa goratzeko konbokaturik zegoen manifestazio baten aurrean zeuden antifaxista batzuk atxilotuak izan ziren, eurak manifestazio baketsua egiten ari ziren bitartean. Ultraeskuinekoak poliziak eskoltaturik joan ziren, talde exkaxa osatu baitzuten, eta halarik ere, antifaxistak atxilotu zituzten.

Euskal Herrian ohiturik gaude horrelakoak ikusten. Hiru letra dituen alderdi ultraeskuindar batek askotan egin ditu hemen deialdi proboka-tzaileak, eta atxilotuak bestelako ideologia bat duten gazteak izan dira.

Faxismoak argi erakutsi du ez dela babesgabeengandik jaio. Inpotentzia, desesperazio eta atsekabea jasaten dituztenak botereak erabiltzen ditu ohiko pribilegioak mantentzeko.

Eskuinaren pribilegioak ukiezinak dira, eta horregatik dira libres iguales, horregatik gora erregea.