Tira, esaldi xelebre horiek datoz esateko ez garela inguratzen gaituzten ebidentziez jabetzen. Gomutan dituzue Amazonian gertatu ziren suteen inguruko albiste haiek? Bada, aste honetan gai horren inguruan hitz berri bat ikasi dut: ekozidioa. Logikak agindutako hitz berria da.

Brasil herri harrigarria da, presidente lerdoa duena. Bertan baso masakreak egiten dira lehen munduak behar dituen makina bat produktu eskura-tzeko. Oihana sarraskitu egiten da jangarri horiek landatu ahal izateko, eta suteak berariaz egiten dira sor daitekeen kalteari erreparatu gabe.

Basoen merkantilizazioa diru iturri ikaragarria da, eta Bolsoñaro baboak badaki. Pandemia oso ondo etorri zaio presidenteari herria pairatzen ari den krisialdi sozioekonomikoa mozorrotzeko, izan ere, birusa da albistea eta ez Amazonian gertatzen ari den soiltze itzela. Gainera, osasun krisiari heltzeko bitartekariak jarri beharrean, Amazoniako basoak salduko ditu lurdunek gehiago irabaz dezaten, pozik egon daitezen. Helburua oso erraza eta agerikoa da, ebidentea, lur-zoru gehiago sortuko dira abeltzaintzarako eta soja eta azukre-kanabera landatzeko. Eta hori guztia, ustez, ilegala da, baina bertako gobernuak begiak ixten ditu, eskupeko elegantea jasoko duelako, seguruenik.

Bolsoñarok dio gertatzen diren suteen gaineko albisteak gezurrak direla, baina beste aditu ba-tzuek esaten dutenez, abuztuan hamar mila sute baino gehiago identifikatu ziren. Nori sinetsi?

Beste ebidentzia bat, honakoa: aldaketa klimatikoak, deuseztatze arriskugarri horrek harreman oso estua dauka bizi ari garen pandemiarekin, patogeno guztiek oztopo natural gutxiagorekin borrokatu behar dute eta. Ekosistemak desager-tzen badira, planetaren osasunak galduko du, eta ondorioz geurea gaiztotuko da, hein berean. Ekozidioa hasita dago.