"Ez jaiak" jairik ez dela izango esan nahi du. Eta "ez jai" egitea, jada, ez da albiste. Ez da gizona (eta hemen berariaz diot) txakurrari koxka egin diola.

Haserrea eragin dute Donostiako ez jaiek. Larunbat gauean euskal telebistaren bidez hasi zuen emanaldia Donostiako udalak Miramar Jauregitik. Bertara bildu zituen txalapartariak, aizkolariak, dantzariak, musikariak, suzko zezenak€ Zeinentzat eta zertarako, bada? Horixe galdera.

Jaiak ez al dira ba herritarrek parte hartzeko? Ez al dira ba poza partekatzeko? Ez al dira ba egunerokotasunetik ateratzeko eta jai egiteko? Beste era batera galdetuta: herritarrek, pandemiaren egoera honetan, zerbaiten parte har dezakegu? Poza partekatu dezakegu? Egunerokotasunetik atera gaitezke? Ez, ba.

Zertarako eta zeinentzako, orduan, ez-jaien eszenaratze horiek? Telebistako orduak bete behar direlako ez al da izango€ Donostiako udalari exenplua ematea dagokio. Ezetza bere muturrera eramaten dakiela erakustea. Eta ez, ezetzari zingurin nola egin asmatzen iaioa dela erakusten saiatzea.

Ez, ez da. Eta ez dago erdi biderik. Zeren eta erdi bideetan sinisteak gaitu, momentu honetan, gaituen eran. Egin daitekeenaren eta egin ezin daitekeenaren inguruan erabaki gehiegi gure kabuz hartzen ditugulako.

Donostiako hiriak ez du "ez jai" mozorroturik behar. Hondartzak eta kaleak hobeto zaintzea behar du. Harrokeriaz esan ahal izatea, uda kutsaturik gabe pasatu duela, eta ez "ez jaiak" ere hala edo hola antolatu dituela.

Gorde ditzagun diruak herritar guztiontzako izango diren jaiak edo eta kultura eta kirol ekitaldiak guztiok goza ditzagunean egiteko eta erakuts dezagun egin behar denean egiten dakigun bezala, eze-tza kudeatu behar denean ere, ezetza gordetzen badakigula.

Manten gaitezen irmo ezetzean. Uda luzea baitaukagu oraindik aurretik eta "ez jai" asko zuhur-tziaz gordetzeko.