Preso katalanekin orain "berreziketa" kontzeptua atera digute epaileek: presoek ez dute ulertu nahi zergatik dauden kartzelan, ez dute bereganatu zein handiak izan diren espetxera eraman dituzten delituak, ez dute konstituzioa (espainiarra) ulertu, are gutxiago errespetatu, beraz, edozein baimen izan baino lehenago, "berreziketa" ikastaro bat egin beharko lukete nahitaez. Auzitegi Gorenak hartu berri du erabakia kontua zenbait epaileren eskuetatik pasa eta gero, azken finean, presoen ideologia aldatzeko ahalegina baita argi eta garbi. Baimenak, hirugarren graduak eta "abantaila" guztiak ez dira ezer izango "berreziketa" izan arte. Presoek, hasteko, onartu egin behar dute Auzitegi Gorenaren erabaki guztiak bidezkoak direla, eta gero gerokoak. Umiliazioa hasteko, eta gero ikusiko dugu.

Niri, horrekin guztiarekin, Txinako Iraultza Kultural hura etorri zait gogora: jendea espetxera eramatea ez zen nahikoa, ulertu egin behar zuten zergatik zeuden han, onartu egin behar zuten benetan merezi zutela zigorra; bizimodua, pentsamendua eta barne mundua aldatzea premiazkoa zen. Maoren liburu gorria eta nekazari-tza pedagogiarik onena omen ziren. Auzitegi Gorenak ere uste du kartzelan egotea ez dela nahikoa. Adierazpenak egin behar dira eta damuak agertu. Katolikoek sistema bera dute: kontzientzia azterketa, egindako bekatuen aurrean mina, ontzeko asmoa, bekatuen aitortza, zigorra bete. Izugarria da eliza katoliko erromakoak utzi duen aztarna.

Auzitegi Gorena ez da maoista, ez inkisizioa, baina gai da aurrekari guztiak txiki uzteko. Oraindik, behintzat, "berreziketa" prozesuan ez ditu jarri preso politiko katalanak madariak biltzen Lleidako lurretan.