Pepiño

Politika utzi eta gero, politikari gehienek lanpostu ederrak berehala aurkitzen dutela ez da albistea (ikastaroak eman beharko lituzkete Lanbiden), baina Alonsorenak begi-bistan utzi du mekanismo osoa. Blancoren enpresa, Acento izenekoa, lobby lanak egiten ditu enpresa pribatuen eta erakunde publikoen arteko harremanak errazteko. Horretarako politikari ohiak behar omen ditu, berdin dio zein alderditakoak, transbertsalitate itxura emateko. Hor daude Antonio Hernando, purga baten ondoren kargurik gabe gelditu zena, edo Elena Valenciano, Europako Parlamentuan eserlekurik gabe gelditu zena (Blancori gauza bera gertatu zitzaion), biak sozialistak edo sozialista ohiak, Esteban González Pons popularraren semea eta abar.

Eta orain Alonso (Gasteizko alkatea, Osasun ministroa, EAEko popularren nagusia). Hor ibiliko da, goizean dei batzuk, e-mail gutxi idatzi (horretarako daude idazkariak), lan bilerak, lan bazkariak, lan bidaiak, lan afariak, Gasteiz-Madril, Madril-Gasteiz. Mihi gaiztoek istorio berriak izango dituzte behintzat.