Badira, bai, abstentzioarekin tematzen direnak, "abstentzioaren alderdia" irabazle moduan aldarrikatzen dutenak, eta parlamentuen eta gobernuen legitimitatea kolokan jarri, baina zalantzak ditut diskurtso hori benetan sinesten duten ala ez horrelakoak entzun edo irakurtzen ditudanean.

Serioagoek abstentzioaren zergatiei buruzko azterketak eskatzen dituzte, baina azterketa horiek ez dira inoiz iristen edo, iristen direnean, aspalditik ezaguna dena errepikatzen dute: badela abstentzio bat, "tekniko" deitzen dena; jendea hemen oso fidela dela betiko alderdiarekin, eta beste alderdi bati botoa eman baino lehenago nahiago duela etxean gelditu, bere alderdia zigortzeko edo; abstentzio militante bat dagoela, ezkerrekoa gehienbat; beste jende mota baten-tzat alderdietako programak baino askoz interesanteagoak direla El Conquis edo Sálvame programak; beste jende batek uste duela Madrilen dagoela aginte benetakoa; jendeak uste duena edo jendeari sinestarazi diotena (politikak ez duela ezertarako balio, politikari guztiak berdinak direla). Eta abar. Bakoitzak bere ehunekoa izango du, politologoek zehaztu egin beharko luketena (saiatu, behintzat).

Baikor batzuek uste dute jendeak politikan parte hartzeko beste modu batzuk nahiago dituela, baina kostatzen zait sinestea botoa ematea bezain ekintza sinplea betetzen ez duena hasiko denik beste gauza korapilatsuagotan konprometitzen.

Eta beldurra. Beldurrik handiena. Argi dago horixe izan dela abstentzioaren zio nagusia. Tabernariek eta jatetxe jabeek bezero gutxiago dutela diote. Botoa-bermuta katea eten da.