Bi irizpide kontrajarri dira Ordizian, bata, demokraziaren oinarria eta Konstituzioan jasoa, sufragio aktiborako eskubidea eta, bestea, osasun publikoa babesteko beharra. Atzo adiskide batek eztabaidan esan zidan bezala Beltran de Herediak ez zien bozkatzea debekatu, etxetik ateratzea debekatu zien, aterako balira osasun publikoaren kontrako delitua egiten arituko zirelako mehatxupean. Beraz, koronabirusean positibo emandako batek bozka dezake baina ezin du hautestokietara hurbildu, ondorioz, ezin du bozkatu, salbu eta administrazioak bozkatzea errazten ez badio. Eta hortxe dago kontua, Eusko Jaurlaritzak Hauteskunde Batzordearekin batera ukatu egin die de facto bozkatzeko eskubidea Ordiziako 161 hautesle horiei, sistema demokratiko batean inork inoiz ukatu egin ezin duena. Esaten da ABZn? dagoen batek ezin duela bozka eman, eta halaxe da, baina ez dio inork agindu bozkatzera ez joateko, inork ez du zalantzan jartzen haren bozkatzeko eskubidea.

Demokraziek funtzionatzen dute legeak betetzen direlako, eta legeak lege dira beti eta denentzat berdinak direlako, alegia, ahalik eta salbuespen gutxien dutelako. Agamben filosofo italiarrak aztertu ditu egungo demokrazietan salbuespena lege bihurtzeak sortzen dituen ondorio kaltegarriak; eta, bai, salbuespen egoeran gaude, eta salbuespen neurriak hartu behar zituen Eusko Jaurlaritzak bozkatzeko oinarrizko eskubidea salbuespen ez bihurtzeko, Ordizian gertaturikoa aurrekari txarra izan daitekeelako. Formulak hainbat izan zitezkeen, 161 horiekin adostu, eta notario batek kontrolaturiko boto telematikoa eman, boto-ontzia hartu eta etxeetara hurbildu; hautesle horiek EPIekin jantzi eta hurrengo egunean bozkatzera eraman. Egia da legeak ez dituela modu horiek aurreikusten, baina behin legea salbuestera jarrita, hobe metodoa salbuetsi ezen ez eskubidea.

Sentitzen dut, baina, berriz ere, EAJtako politikarien nagusikeriaz jokatu dute.