Gosaria prestatu bitartean, ametsak leku apur bat egin dio nire gogoan atzo gauean irakurri nuen azkenari: egunkari katalan batek CIAren txosten bat zekarren, Felipe González eta GAL lotzen zituena. Ez, ez da ametsa, katalanez irakurri nuen, gainera. Fruitu zati bat ahoan, Berria ireki, eta hor dator dena: 1984koak direla txostenak, bat baino gehiago direlako; garai hartako analisia egiten dela bertan, batzuetan arras nahasia; GALen atzean gobernu sozialista egon daitekeen "susmo oso sendoak" daudela. Bagenekiena. Batzuek jakin nahi ez dutena. Madrileko egunkarietan ez dut ezer topatu, ezer ez, eta ametsa bueltatu zait burura berriro, Erroma bezalako eraikuntzak zituen Gasteiz hartara. Ezin dut zehaztu zer hizkuntza erabiltzen genuen.

Katalanez atzo eta euskaraz gaur irakurria birpasatu dut. Hor dago, bai, temati. Kafesnearekin jakin dut arrazoia izenburuan erabiltzen duen egunkari horrek atera duela CIArena (munduko gobernurik progresistena higatzeko asmoz?). Beste nonbait, errealitatean seguru asko (nire ametsean Gasteizek ez zuen erregerik), irakurri dut errege zaharra jakinaren gainean zegoela, trebea zela despistatuarena (eta dirua) egiten gobernuaren aurrean, baina gobernuak berak baino gehiago zekiela.

Nire ametsera itzuli nahi dut. Jendea atsegina zen. Guztiek egia maite zuten. Eta bazekiten diberti-tzen (ezin dut dena kontatu).

GAL kontuak alde batera baztertu dut gogoa garbi-tzeko, baina bat-batean irakurri dut (egunkariak utzi beharko nituzke) Valentziako artzapezpiku katolikoak sermoi batean esandakoa: koronabirusaren aurkako txertoren bat fetu abortatuekin egiten ari direla. Errealitateak bere amesgaiztoak ditu.

Lo-kuluxkaren tentaldia handia izan da gosaria bukatzean.