Valkiria Operazioan

"Los amnésicos" irakurri berri dut. Bertan Geraldine Schwarz kazetari frantziar-alemaniarrak bere bi familien istorioak harilkatuz, oroimen historikoaren historia egiten du. Aiton-amona alemanak Mitläufer izendatzen ditu, alegia, utzikeriaz, axolagabeziaz edo oportunismoz erregimen naziaren konplize izan zirenei esaten zaie horrela. Aitonak, esaterako, lantegia erosi zion gobernuak oso merke salarazi zion familia judutar bati. Amona, bere aldetik Führerraren miresle sutsua zen. Hortik abiaturik aitaren belaunaldiak oroimen historikoaren garbiketaren bidea deskribatzen du, horrek Alemaniaren zentzu demokratiko, zibiko eta sozialari ekarri dizkion onurak azpimarratuz.

Frantzian erdipurdi eta berandu egin zen lana, bestalde. Frantzian Vichyko gobernua frantsesa izan ez balitz bezala tratatu izan baitzuten, frantsesek beren buruak erresistentzia partaide gisa ederretsiz, noiz eta bertan oso jende gutxik hartu zuenean parte. Italiako kasua ere aztertzen du, bertan populazioa zein agintea Mussoliniren krimenek haiekin zerikusirik ez balute bezala bizi izan dira Bigarren Gerra bukatu zenetik.

Espainiako Erresuman badakigu Oroimen Historikoaren legea noiz onartu zen eta zein bide laburra izan duen. Eta jakina hauts haietatik lohi hauek, horrela uler baitateke bakarrik eskuinaren hainbat portaera: estatu kolpe bat eman, gerra bat leherrarazi, irabazi eta errepresioaren ondoren, barkamena ere ez dute eskatu. Carrero Blanco hiltzea, ez ote zen izan Valkiria Operazioaren pareko ekintza? Onartuko luke Merkelek Pablo Iglesiasen aitaren militante antifrankistari terrorista deitzea? Espainiako Erresuman noiz hasten da "desobedientzia beharrezkoa da" hori terrorismoa izaten? Diktadura baten krimenak arakatu gabe, zilegi da definizio batetik bestera jauzi egitea? Gaizki gabiltza. Neofrankistei utzi eta uzten diete galdera horien erantzunak ezartzen estatuak, hedabideek zein gizarteak.