Kontua da, etxea, transformatu egin dugula, eta askotariko kontuetarako performatu dugula. Enpresatik bulegoa ekarri dugu etxera, eta txoko bereziren bat topatu behar izan dugu lanean, kontzentraturik eta berme guztiekin, egon ahal izateko. Beste aldetik, seme-alaben jolas parke bilakatu da etxea kasu askotan. Etxeko pasilloa scalextric erraldoia izan da, bai eta etengabeko paseo asfixianteak emateko tokia, edota gimnasia ariketa gogor horiek egiteko espazioa ere. Lekua soberan egonez gero, nork bere bakardadearen jaun eta jabe bilakatu da ordu batzuetan, lan egiteko, irakurtzeko, edota disimulurik gabe pentsakizun eternoetan aritzeko.

Eta gero etxeko balkoia dago. Deskubrimendu berria, talaia probokatzailea, Gestapoko begirale nazkanteen garita aparta, mota guztietako sortzaileen plaza alaia, kantarien eta dantzarien oholtza publikoa, bakartien lubaki zabala.

Kontua da asteak eta asteak etxe barruan eman ostean, ordu batzuetarako askatasuna izan dugula bat-batean. Eta zein izan da geure egarria? Zer bilatu nahi izan dugu grinatsuki? Natura, basoak, berdetasuna, itsasoa, landak, paisaiak, eta horiek modu naturalean, oinez, kurritzea. Hots, ingura-tzen gaituen bizimodu kapitalistak tai gabe deuseztatzen dituen paradisuak dira gehien estima-tzen ditugunak.

Orduan, pentsatzen jarrita, geure etxeetatik gertu eduki nahiko genituzkeen elementu horiek duten benetako balioaz jabetuko gara behingoz? Hutsalkeriaz arituko gara berriz?

Animaliak gara eta natura behar dugu.