Argentinan sortu zen Joxe Goñi, 1872an uste denez. Erabateko ziurtasunik ez dago, ez baitzuen jaiotza-agiririk. Gurasoak Nafarroatik joandako migranteak zituen. Ume-umetatik aritu zen pilotan, eta artean nerabe zela hasi zen pilotari helduekin indarrak neurtzen.

Argentinan ez ezik, Uruguain ere oso ezaguna izan zen, eta Europaraino iritsi zen haren sona. Hemengo enpresari batek gonbidaturik, Euskal Herrira ere etorri zen. Beste pertsona baten izenarekin.

Jaiotza-agiririk ez zuenez, tranpatan etorri behar izan zuen lehen aldi hartan. 1897an jokatu zuen lehen partida Donapaleun. Bi urtez euskal pilotazaleen begiak gozatu, Argentinara osteratxo bat egin eta berriz ere hona etorri zen.

Munduko pilotaririk onena izan zen gehienen iritziz, alkoholarekin zituen arazoengatik haren jokoa gainbehera amiltzen hasi zen arte. Bere burua urkatzeko ahalegin bat ere egin bide zuen, baina kantxetara itzuli zen. Dongaitz anaietako baten aurkako partidaren azken tantoetan lepoko zauria ireki eta odoletan hasi zen.

Epaileak ez zion jarraitzen utzi nahi, baina Porteñok lepoan beste zapi bat jarri eta partida bukatu egin zuen. Baita irabazi ere. Sekula ez omen ziren zaleak hainbeste hunkitu.

Lehen Mundu Gerra lehertzearekin bat Argentinara itzuli zen. Alkoholismoak eragindako arazoengatik zentro batean eduki zuten zenbait denboraz. 1949an hil zen, ahanzturarik tristeenean.