EAEko alderdiak aste honetan biltzekoak dira kontuaz eztabaidatzeko. Ez dakit zer gertatuko den. Erabakiko balute hauteskundeak uztailean egitea, argi utziko ligukete uztaila oso hilabete normala izango dela ("normal berri", esan nahi dut, eta zentzurik txarrenean): oporraldirik ez, festarik ez; hondartzara, auskalo; selektibitatea, bai; eskola batzuk, bai; lana, bai; dibertsio gutxi, polizia asko (baina hori ez da berritasuna). Hauteskundeak uztailean egitearen aldekoek esaten dute uztailean kutsatzeko arrisku gutxiago egongo dela, irailean edo urrian egongo denarekin konparatuta. Ez dakit zer dakiten politikariek; irailean edo urrian orain gauden bezala egongo garela uste al dute? Ez dut uste gehiegi dakitenik ere; egia esan, ez dakit inork zerbait dakien benetan.

Horrexegatik, eta legegintzaldiaren amaiera urrian izango dela kontsideratuz, garaia baino lehen hauteskundeak egin nahi izate hori, setakeria hori, susmagarria da baita jende xaloenaren begietara ere. Uste al du lehendakariak urrian uztailean baino aukera gutxiago izango dituela irabazteko? Nik lasaituko nuke. Hipotesi bat garatzen ari naiz, baina beste baterako utziko dut, gogo gaztetasun honetaz gozatu nahi dut orain.