Telebistan Nekane Murga sailburua zegoen, eta kazetariak Osasun Sailak erakunderen batekin elkarlanari uko egin ote dion galdetu zion. EHUko testak aipatu bazituen ere, galderari erantzun beharrean Murga erretxindu egin zen eta halako azalpen eskatu gabe batean trabatu. Gehien harritu ninduena zera izan zen: Ikerbasquek fitxatu zientzialariekin EHUn balidatu den test hori frogatzeko asteazkena 22an bidali zizkietela Gurutzetatik laginak, noiz eta Carlos III institutuak testak egin ahal izateko baimen guztiak duela astebete edo eman dizkienean. Informazio hori eman zuenean, gainera, igarri egin zitekeen ikerlari horiek “bazter nahasletzat” jotzen zituela eta laginak bidali badizkiete hedabideen eta abarren presioengatik izan dela. Auzolana? Zientzia?

Krisi honetan agintean egotea zaila dela onarturik, uste dut politikoek azalpen argiak eta garbiak eman behar dizkigutela; gora-gora hasteak, Murga andrea bezala, erabakien ahulezia nabarmendu baino ez du egiten. EHUko unibertsitateko laborategiek ez badituzte baldintzak betetzen, esan dezatela. Ez badute konfiantzarik ikerlari horiengan, esan dezatela. Enpresa pribatua aukeratu badute, azal dezatela zergatik. PCR test orokorrik egitea ez badute egoki ikusten, argi dezatela. Baina ez gaitzatela ergeltzat hartu, ez gara haurrak, herritarrongan duten konfiantza exkaxak hori adierazten badu ere. Txintxo eta arduraz betetzen ari gara ezarri dizkiguten neurri zorrotzak (batzuk zentzurik gabeak) eta hainbesteko errespetua merezi dugu.