Aditu batek baino gehiagok azpimarratu du egun hauetan langileek Moncloako Itunen ondorioz galdu zuten eskubideak lortzeko aukera. Eta orain Moncloako Itun berri batzuk proposatu nahi dira, susmoa dut, oraingoan ere klase pobretuak paga ditzan osasun krisi honen ondorioz etorriko den krisi ekonomikoa, zeina gehiago gastatuz, alegia, gehiago kontsumituz, kutsatuz, injustizia areagotuz, gainditu nahi den.

Ihesaldi zoroa iruditzen zait, aurrera, aurrera, aurrera, honek ezin du gelditu, nahiz eta susmoa dugun bukaeran amildegi sakona dagoela. Bizitza absurdora -badakit pribilegiatuon sentimendua dela absurdoa, biziraute egoera batek braust batez desegiten duena- bilakatu digun egoera honetan zentzuzko berria irakurri dut, bere horretan absurdoa dirudiena, eta ez dena: lanera itzuli direnean, lehendik egiten ari ziren grebari heldu diote Siemenseko Asteasuko langileek. Saldu nahi diguten "denok batera" leloari ñabardura garrantzitsua iruditzen zait greba hori, izan ere, leloa "denok elkarrekin" izan beharko luke. "Batera" hitzak adostasun erabatekoa adierazten du, desberdintasunen ezabatzea, abiatze kokalekuak berdintzea, alegia, orain arteko status quoari eustea. Elkarrekin hitzak, aldiz, norabide berean ekitea.