GUNAK aurrera doaz etxeratze infinituan, eta orain denborak trostaka egiten du ihes eta ez lauhazka. Etxe barruko kontu domestiko aspergarriak errepikatzen hasi dira, eta primaderako eguzki beroaren laguntzarekin, askatasuna dugu leihoen atzetik deika. Geure modus operandi-a erraztu da, espazio minimoan maniobra gutxi egiten ditugu, eta pasibotasunak hartu du geure egunerokotasuna. Buruak agintea hartzen du kasu askotan, eta buelta gehiegi ematen diegu burmuin exkaxean gira eta bira ditugun ideiei.

Gaizki izendaturiko aisialditzat hartzen diren espazio askotan, kutsamendu karga gutxiagoren aurrean gaude, Eroskiko hipermerkatu handietara joatean baino. Erosketak saltokietan egin behar ditugu, baina baserritarrek ezin dute lan egin bara-tzeetan. Eta bestelako baratzezainek ezin dute euren lur sailaz gozatu. Baratzak, mendia, espazio berdeak, hortxe ditugu eta ezin ditugu probestu, Gobernuaren orokorpenek ez dutelako ifrentzurik eskaintzen.

Lantegietan bai, hor orduak eman ahal dituzte langileek, birusaren erasoak saihestuz, euren osasuna kinka larrian jarriz. Eusko Jaurlaritzak okerrena iragan dela adierazten duen bitartean, bertako Garapen Ekonomikorako sailburuak azpiegitura batzuek ezinbestez jarraipena izan behar dutela esan du, tartean, abiadura handiko trenak. Paradoxikoa irudi-tzen zait hori esatea, mundu mailan dauden gaur egungo arazoak, gastuak, eta beharrak besteak izanik. Agian garapen ekonomiko oldarkor eta absurduaren erruagatik heldu gara gauden egoerara. Hots, denak berdin jarraituko du.

Bitartean, arduraz jokatzen duen gizarteak konfinamenduan jarraitu beharko du, seguruenik maiatzera bitartean. Eta umeak etxean sartuta egon beharko dira; mendia maite dugunok ezin izango dugu paseorik eman bakarturik dauden tokietan, eta telelanak bulego bilakatuko du gure etxea.

Noam Chosmkyk dioen moduan, geure patua tirania pribatuei entregatu diegu, eta orain jabetu gara aurrean dugun ofentsiba politiko-ekonomikoa eta muturreko kontrol soziala ezkutuzko salbuespen egoera bilakatu direla, eta horrek erabat itotzen gaitu. Bai eta itoko ere.