ONTORRERA Tontorrera iritsi garela diote, kurba ospetsua egonkortu egin dela an-tza. Kurbaren tontor hau leku ona izan daiteke gauzak goitik ikusteko, nolabaiteko perspektibarekin.

Martxoaren zortzian hartutako Europako aire trafikoaren argazki bat ikusi dut: hegazkin kopuruak ez du lurra ikusten ere uzten; eta hogei egun geroago hartutako beste argazki bat: hor bai, hor kontinentea ikus daiteke, zerua hainbeste hegazkinetatik libre. Guk ere tontor honetatik, dron bat bagina bezala, hobeto ikusi dezakegu gure lurra, gure gizartea, gure orain arteko bizimodua. Errazago antzeman dezakegu adibidez zer den beharrezkoa eta zer ez; zerk egiten digun kalte eta zerk mesede.

Hemendik ikus ditzakegu, adibidez, soberan ditugun hitzak, munduak soberan dituen hegazkinak bezala. Zeintzuk balio diguten eta zeintzuk geratu diren hutsal; baita zeintzuk bete diren balioz ere. Hona hemen une honetan mapatik kendu beharko genituzkeen hitz batzuk:

Harrokeria. Ez digu balio. Krisi honetatik hobeto ateratzeko jarrera edo proposamena edozein dela ere, ez dira garaiak egia absolutuaren jabe garela sinesteko eta beste iritzi batzuetan interesik ez agertzeko. Alde guztiei entzutea besterik ez digu balio. Eta duguna partekatzea.

Presa. Ez digu balio. Edozein gaixotasunetan bezala, sendabideak bere denbora behar du. Eta hori sukar sintomarik ez duenari ere aplikatu behar zaio. Pazientziak bakarrik balio digu.

Lehiakortasuna eta indibidualismoa. Ez digute balio. Osasun-krisi baten aurrean, balio duen lehiakortasun bakarra izan daiteke baliabide, irtenbide eta ideia gehiago nork ematen dituen ikustea. Elkartasuna eta pentsamendu kolektiboa behar ditugu.

Demagogia. Ez digu balio. Krisi egoera batean murgilduta, ezin da inor gure beldur, itxaropen eta emozioez baliatu boterea irabazteko.

Balio ez diguten beste hainbat hitz daude, gure aire espaziotik ezabatu behar ditugunak. Kutsatzen duten hitzak dira, berotegi efektua eragiten duten gasak isurtzen dituztenak. Mundu jasanezin batera garamatzate. Tontor hau ez da leku txarra soberan ditugun hitzak antzemateko. Eta balio dutenekin bakarrik geratzeko.